undefined

“Granadillaren aurkako garaipenak indartu egiten gaitu etorkizunari begira”

“Granadillaren aurkako garaipenak indartu egiten gaitu etorkizunari begira”

Iraia Iturregik oso derbi parekatua iragarri du Ibaian Deportivo Alavesen aurka. Horretarako, UDG Teneriferen aurka bezala lehiatzea eskatu du

Denboraldiko azken irteera Athletic Clubentzat. Gasteizen Deportivo Alaves eta talde zuri-gorriaren arteko lehen derbia biziko da. Bihar, 12:00etatik aurrera (Teledeporte), lehoiek Arabarrekin neurtuko dituzte indarrak Primera Iberdrolako 29. jardunaldian. Iraia Iturregiren taldeak joan den larunbatean UDG Teneriferen aurka egindako joko ona erakutsi eta hiru puntu gehiago lortu nahi ditu, maiatzaren 15ean Lezaman Sevilla FC taldearen aurka jokatu beharreko azken hitzorduaren aurretik.

Loiuko entrenatzaileak badaki joan den asteburuko lan onak eragina izan duela azken txanpa honetan: “Taldea bikain lehiatu zen UDG Teneriferen aurka, Champions postuetan zegoen taldea. Partida irabazita taldeak pozik entrenatu du. Aurrera begira positiboa izan da, nahiz eta Txapeldunen Ligan sartzeko aukerarik ez izan, eta horrek indartu egiten gaitu. Jokalarien anbizioa erakusten du eta denboran zehar mantendu behar dugun zerbait da. Gehien gustatzen zaigun horretan lan egin ahal izanda pribilegiatuak gara, eta ezer jokoan ez baduzu ere, taldeak anbizio eta autoexijentzia hori erakutsi behar du norgehiagoka guztietan”.

Derbia zelai deseroso batean

Joaneko partida garaipen argiarekin bukatu zen Lezaman (4-1), baina Iturregik adierazi duenez, “ez dugu joaneko partida kontuan hartu, zelaiaren ezaugarriak oso ezberdinak baitira; belar artifizialekoa da eta neurriak txikiagoak dira. Horretara egokitu beharko dugu, taldeak erakutsi du hor ere ondo lehiatzen dela. Granadillaren aurka defentsan izan genuen intentsitatea berdindu edo gainditu nahi dugu, bigarren jokaldiei adi egonda. Geldikako jokaldiek garrantzi handia dute eta golari begira ondo egon beharko dugu”.

Alavesek Lehen Mailan jarraituko du, “denboraldi bikaina egiten ari direlako. Lehen itzulia ikusgarria izan zen eta bigarren itzulian emaitzak ez dira hain onak izan. Haien helburua salbazioa zen eta taularen erdian daude. Partida gogorra espero dut. Talde bizia da eta egiten duen horretan sinesten du. Lezaman gertatu zitzaiena ez errepikatzen ahaleginduko dira. Partida parekatua izango da, guretzat deserosoa den zelai batean”.