undefined

Sacheri, Bochiniri buruz: “Mitorik handiena”

Sacheri, Bochiniri buruz: “Mitorik handiena”

Idazle argentinarrak One Club Man delakoaren irudi unibertsala goraipatzen du, Club Atletico Independienteren idoloa den Bochan gorpuztua, bere joko bikainagatik eta Gorriarekiko leialtasunagatik

Ricardo Bochini eta Eduardo Sacheriren arteko futbol eta literatura topaketak, Jorge Barraza eta Galder Reguera Fundazioaren ordezkaria lagun zituela, One Club Man (klub bakarreko futbolaria) figura unibertsalari gorazarre egin zion. Athletic Fundazioak bere 20. urteurrenean antolatutako solasaldian argi geratu zen bezala, Ricardo Enrique Bochinik One Club Man delakoaren ideala irudikatzen du.

Ekitaldian Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidentea izan zen, eta ongietorria eman zion Bochari ekitaldiaren sarreran, Jon Vázquez Eguskiza Fundazioko zuzendariarekin eta Mikel Martinez, Iker Goñi, Goyo Arbizu, Itziar Villamandos eta Tomás Ondarra batzarkideekin batera. Aretoan, Gorriaren zale ugarik bere klubarekiko eta idolo nagusiarekiko grina erakutsi zuten une oro.

Solasaldian zehar, Bochinik Club Atlético Independiente taldean hastapenei buruz hitz egin zuen, behe mailako taldeetan aritu zela eta 18 urterekin lehen taldean debuta egin zuela gogoratuz. Egia bihurtutako ametsa. Hogei urte geroago klubaren historiako futbolaririk garrantzitsuena bihurtu zen. “Dena zor diet Independentearen zaleei”, bukatu zuen Bochinik, zaletasun gorriaren maitasun-adierazpenengatik esker onez.

Eduardo Sacherik maisuki azaldu zituen Bocha, Independentearen idolo handia bihurtu zuten bertuteak, “mitoz jositako klubean, mito guztien artean handiena”. Joko liluragarria -futbolariari “Magoa” ezizena jartzerainokoa- eta kolore batzuekiko leialtasuna, zelaietan duen dohaina bezain luze iraungo duena -Bochiniren kasuan, ia hogei urteko ibilbide luze eta ospetsua-. Bere bertuteak, azken batean, munduko klub guztietako zaleek beren idoloentzat nahiko lituzketenak, Bocha heroi eredugarri bihurtzen dute; baina ez fikziozkoa, heroi literarioak izan ohi diren bezala, benetako heroia baizik, bizitza bera bezain erreala.

Futbolaren heroismoak, aretoan argentinar ugari egotea justifikatzen zuen, guztiak ere Gorriaren jarraitzaileak. Eduardo Sacherik, Jorge Barrazak eta CAIko zaleek esker ona erakutsi zuten Bochiniri One Club Man 2022 saria emateagatik. Esker on hori ezin hobeto laburbildu zuen Sacherik Club Atlético Independenteko bazkideek bere idoloaren estatuaren oinarrian inskribatu zuten eskaintza irakurri zuenean:

“Ricardo Enrique Bochini. Edertasunaren sintesia jokoan, kamisetarekiko maitasuna eta balentria ahaztezina. Izan garen eta merezi dugun kluberako bidea erakusten digun itsasargia. Kirol epopeien indar hutsez Amerika eta mundu osoko zeruan bere izena ezarri zuen klub baten sinboloa. Ricardo Enrique Bochini. Mitoz jositako klub batean, mito guztien artean handiena”.