undefined

Erikak futbola utziko du

Erikak futbola utziko du

Klubaren historian partida eta gol gehien sartu dituen futbolariak amaiera emango dio bere kirol ibilbideari Sevilla FC taldearen aurka

Erika Vazquezek erretiroa hartuko du aurtengo denboraldia amaitzean, Athleticek Sevilla CFren aurka jokatuko duen partidan. 39 urteko aurrelariak 17 denboraldi eman ditu Lezaman. Nafarrak ordura arte Eli Ibarrak (413) zuen partida ofizialen errekorra hautsi zuen otsailaren 9an, Atletico Madrilen aurka, bere mitoa handituz. Oraintxe bertan, eta denboraldia amaitzeko jardunaldi bakarra falta dela, 422 partida jokatu ditu orotara. Hiru liga titulu ditu bere palmaresean.

Jokalari historiko hau jokatutako partiden rankingeko liderra izateaz gain, Athletic Cluben historiako goleatzailerik handiena ere bada, 263 golekin. Zarra handiak bakarrik gainditzen du arlo honetan. Iruindarra, gainera, Lezaman denboraldi gehien egin dituen jokalaria da, eta hau, hamazpigarrena, bere talentua gure zelaietan zabalduko duen azkena izango da.

SD Lagunak taldearekin egin zuen debuta 2002-2003 denboraldian, Athleticek lehen urratsak eman zituenean. Bi urte geroago, garai hartan Ligako txapeldun zen talde baterako fitxatu zuen Iñigo Juaristik. Zuri-gorri gisa jokatu zuen lehen partida Txapeldunen Ligan izan zen, Newtownabbey Strikers talde irlandarraren aurka, Errumanian. Norgehiagoka horretan lehoi gisa sartu dituen gol mordoetako lehena sartu zuen. Liga irabazi zuen Lezaman eman zuen lehen urtean, (2004-2005) bai eta 2006-2007 denboraldian ere. 2015-2017 denboraldian, bere hirugarren liga titulua eskuratu zuen.

2010-2011 kanpainan parentesi bat egin zuen eta Bartzelonarako bidea hartu zuen denboraldi batez RCD Espanyolen elastikoa defendatzeko. Urtebete geroago itzuli zen, eta harrezkero erreferentea izan da zuri-gorrien aldagelan. Erika gola da Athleticen eta, azken denboraldietan hainbesteko protagonismorik izan ez duen arren, futbolerako talentu berezia duen jokalari horietakoa da. Elitean 20 denboraldi eman ostean, Erika Vazquezek agur esango die zaleei datorren igandean.