undefined

“Dena eman behar dugu irabazteko, gero ikusiko dugu zer gertatzen den”

“Dena eman behar dugu irabazteko, gero ikusiko dugu zer gertatzen den”

Raul Garcia igandeko partidara behar bezala iristeko lanean ari da: “Badakit zenbateko garrantzia duen eta erasoan beste aukera bat eman nahi diot entrenatzaileari”

Raul Garciak hedabideen aurrean hitz egin du Lezaman, Athleticen Europako asmoetarako aste erabakigarrian. Igandean amaituko da Liga, datorren urteko Conference Leagueko postua jokoan dagoela, eta Sevilla-Athletic partidarekin. Raulentzat garaipen zuri-gorria baino ezin da izan: “Bai ala bai irabazi behar dugu, gero ikusiko dugu zer gertatzen den. Ez dago gure esku, baina dena eman behar dugu  garaipena lortzeko”.

Lehoiek Vila-realek Camp Noun lortzen duen emaitza hobetu behar dute. Urpekari horiak partida hori galtzen badu, Athletici berdinketarekin balioko lioke, eta horitxoek Barçaren aurka berdinduz gero, zuri-gorriek garaipena lortu beharko lukete kosta ala kosta Europako sailkapena lortzeko: “Ez dugu espekulatuko, irabazteak baino ez du balio”, esan du Raulek.

Iragan jardunaldian Osasunaren aurkako partidan min hartu eta gero, nafarrak azaldu du “ordu luzez” ari dela lanean “igandeko partidara iritsi ahal izateko eta entrenatzaileari erasoan beste aukera bat emateko. Badakit partida zaila dela eta ahal dudan guztiarekin lagundu nahi dut taldea”.

Marcelinori buruz duen iritziaz galdetuta, Raul Garcia oso zuzena izan da: “Marcelinok datorren urtean jarraitzen ez badu handicapa izango litzateke Athleticentzat. Asko ematen digun entrenatzailea da, ondo baino hobeto ezagutzen gaituena eta beteranoekin batera talde oso gazte bat kudeatzeko gaitasuna duena. Marcelinorekin denboraldia hastea entrenatzaile batek zer nahi duen jakiten hastea da, eta denbora luzez egiten ari garen urratsei jarraipena ematea. Niretzat ez ezik, gazteentzat eta, batez ere, Klubarentzat ere ona da bera jarraitzea”.