undefined

“Inoiz entrenatu izan dudan talderik onena izan da”

“Inoiz entrenatu izan dudan talderik onena izan da”

Marcelinok, Athleticen agurra iragarri ondoren hunkituta, aitortu du “ulertu egin duela San Mamesen entrenatzaile izateak duen benetako esanahia. Ez dut inoiz ahaztuko”

Marcelino Garcia Toralek agerraldia egin du gaur arratsaldean San Mamesen, berak eta bere talde teknikoak Athleticen entrenatzen jarraituko ez dutela iragartzeko: “Athletic une jakin batean bertatik pasatzen garen pertsonen gainetik dagoen kluba da. Nire ondoan dagoen talde teknikoarekin egoeraren azterketa sakona egin ondoren, uste dugu garaia iritsi dela pauso bat emateko eta historia polit honi amaiera emateko”.

Orain arte entrenatzaile zuri-gorria izan denak Athletic entrenatzeko pribilegioaz gozatu izanaz harro dagoela adierazi du. “Profesionaletan eman ditudan 20 urteetan entrenatu dudan talderik onena da. Hasieratik transmititu dizkiguten lana, sinesgarritasuna eta maitasuna sinestezinak izan dira. Beraiekin oso lotuta sentitzen gara eta bizitza osorako oso eskertuta egongo gara. Onena eman digute, gorenera eraman gintuzten eta txapeldun egin arte”. Gaineratu du: “Ziur nago taldeak hobetzen jarraituko duela. Badira pertsona onak eta jokalari handiak esperientzia, kalitate eta talentu handia dutenak, eta etorkizun oparoa dutenak ere lehen taldera iristen ari dira”.

Marcelinok eskerrak eman dizkio kontratatu zuen Zuzendaritza Batzordeari, batez ere Aitor Elizegi Batzorde Kudeatzaileko kide eta presidente ohiari: “Gugan konfiantza izan zuten, eta historia txundigarria duen Klub handi honetan entrenatzeko aukera eskaini ziguten”. Gorazarre hitzak izan ditu Rafa Alkorta Athleticeko kirol zuzendariarentzat: “Gure lan egiteko modua lehenengo egunetik ulertu zuen, eta gure ideiak Klubaren barruan eta kanpoan defendatu zituen”. Eta nola ez, Iribarrentzat ere hitz goxoak izan ditu: “Eskerrik asko, Angel, Lezamako egunerokotasunean eskainitako berotasunarengatik”.

Entrenatzaile zuri-gorri ohiak aitortu duenez, laster egitekoak diren hauteskundeek eta Athleticeko agintarien hurrengo aldaketak “ez diote epe ertain edo luzerako proiektu bat eraikitzeko behar duen konfiantza eta babesa eskaintzen. Azken aste hauetan ez dut sumatu Athleticeko entrenatzailea izaten jarraitzeko zalantzarik gabeko interesik eta konfiantzarik”.

Azkenik, Marcelino zale zuri-gorriei zuzendu zaie: “Eskerrik asko, bihotzez. Umezurtz egon ginen pandemiak eraso zigun bitartean. Gero jakin nuen zer esan nahi zuen San Mamesen egoteak Athleticeko entrenatzaile gisa. Inoiz ahaztuko ez ditudan gau magikoak bizi izan ditugu “.