
Joseba Aguirre: “Emakumezkoen Athleticek etorkizun ona du”
Joseba Aguirre: “Emakumezkoen Athleticek etorkizun ona du”
Kirol zuzendariak, Juan Luis Fuentes metodologia eta klub hitzartuen arduradunarekin batera, sailak duen “osasun ona” nabarmendu nahi izan du
Joseba Aguirre Athletic Clubeko Emakumezkoen Arloko Kirol Zuzendariak eta Juan Luis Fuentes metodologia eta hitzartuen kluben arduradunak agerraldia egin dute Lezaman, emakumezkoen diziplinan hiru urte eta erdi eman eta gero.
“Gure emakumezkoen futbolak oso etorkizun ona du. Uste dut prest ditugula jokalariak, ondo kokatuta dauzkagu hiru taldeak eta ondo eta gogor lehiatuko diren jokalari gazteak ere”, adierazi du Aguirrek. Gainera, kirol arloko arduradun nagusiak Lezama nabarmendu nahi izan du, munduko erreferentzia: “Ametsetako instalazioak ditugu, profesional oso onekin. Athleticek osasun eta etorkizun ona du”.
Agerraldian, proiektu zuri-gorriaren beste ildo nagusi batzuen artean, epe ertainean landutako puntu estrategikoen garrantzia azaldu nahi izan da, gaur egun Athleticek egitura sendoa izateko oso lagungarriak izan direnak: “Asko hazi eta hobetu dugu. Jokalariei nutrizioa edo psikologia bezalako tresna integralak eman dizkiegu, lehen taldeak gaur egun berezko egitura du, 2019an falta zen zerbait, hiru talde ditugu lehen hiru mailatan, harrobiko jokalari asko lehen taldean finkatu dira eta beharrezkoak eta eraginkorrak diren antolaketa eta komunikazio protokolo sortu ditugu. Azken batean, prestakuntzari dagokionez, bultzada izugarria izan da“.
Bestalde, eta hitzartutako klubei dagokienez, Athleticen “giltzarria” Lezamarekin batera, Juan Luis Fuentesek guztien lana nabarmendu eta eskertu nahi izan du: “Guztiekin komunikatzeko erraztasuna eta hurbiltasuna etengabea da. Hitzartutako 34 klub izatetik 45 izatera igaro gara, eta 2618 jokalari daude hitzarmenaren babespean Euskal Herri osoan. Ezin dugu utzi eskerrak emateko eta oinarri eta piramide bat osatzen dutenei laguntzeko edozein aukera pasatzen, Athleticek geroago fruituak jaso ditzan. Gure arrakasten parte dira. Arlo horretan asko inbertitu dugu, eta horretan jarraitu beharko dugu”.
Aguirrek, bere aldetik, Fuentesekin bat egin nahi izan du: “Kanpoko egitura indartu eta talentua mantentzen saiatu behar dugu. Lezama zoragarria da eta geureganatze goiztiarrera joan behar dugu. Horretarako, egoitza berriak jokalari gazteak errazago ekartzen lagunduko digu, bertan hezi ahal izateko. Athleticen etorkizuna da”.
Hiru taldeak maila gorenetan mantentzea
Egindako helburu nagusien artean, hiru talde nagusiak maila gorenetan edukitzea dago: “Hirugarren taldea sortu genuen 2019an, eta hiru igoera lortu ditu. Horrela, mailen arteko jauzia txikiagoa izango da, eta jokalari gazteekin egingo dugu”. Horrez gain, gogorarazi du 12 jokalari hiru denboralditan lehen taldeko fitxa izatera pasatu direla eta nazioarteko selekzioetan aritutako 10 futbolari daudela harrobiko mailetan.
Hurrengo denboraldietarko erronketako bat hiru taldeak mantentzea eta futbolariak fidelizatzen saiatzea izango da: “Jokalariak konbentzitu behar ditugu Athleticen dagoela Primera Iberdrolaren proiekturik onena”, esan du lehoi ohiak.
Berrikusi agerraldi osoa hurrengo bideoan.
