undefined

Athletic Club-Real Sociedad LaLiga hasi baino lehen

Athletic Club-Real Sociedad LaLiga hasi baino lehen

Euskal Herria Txapelaren finala abuztuaren 5ean (ostirala) jokatuko da Barakaldoko Lasesarre estadioan

Athletic Clubek eta Realak Euskal Herria Txapelaren finala jokatuko dute abuztuaren 5ean, ostiralean, Barakaldoko Lasesarre estadioan. Aurreko denboraldian jokatutako euskal derbietan puntu gehien lortu zituzten Lehen Mailako bi taldeen arteko norgehiagoka 20:45ean hasiko da.

Athleticek 14 puntu lortu zituen guztira, Alavesen aurka irabazi eta berdindu, Realaren aurka berdindu eta irabazi eta Osasuna birritan mendean hartuta. Realak, bestalde, 11 puntu zenbatu zituen Athleticen aurka berdindu eta galdu, Osasunari bi aldiz irabazi eta Alavesen aurka berdindu eta irabazi ondoren.

Sarrerak salgai daude jada esteka honetan. Gainera, Euskal Telebitsak eskainiko du partida.

Txapelketaren seigarren edizioa da, eta orain arte Athletic Clubek (2018), SD Eibarrek (2019), Realak (2020) eta CA Osasunak (2021) jantzi dute txapela. 2017ko edizioan ez zen irabazlerik izan, Athletic eta Alavesen arteko partida bertan behera geratu baitzen 2-2koa markagailuan zela.

Lasesarreko finalaren aurkezpenera Jose Angel Iribar eta Imanol Agirretxe joan dira Athletic Club eta Realaren ordezkari gisa, baita Euskal Herria Kirolako Kike Zurutuza (partidaren antolatzailea), Amaia del Campo (Barakaldoko alkatea) eta Jesus Mari Isusi (Barakaldo CF taldeko presidentea) ere.

“Derbi interesgarria iruditzen zait, jendea zelaira joan dadin animatzen dut. Ondo datorkigu horrelako partida bat denboraldi-aurrean, taldea nola dagoen ikusteko. Interes handia du eta irabazten saiatuko gara”, esan du Iribarrek. Agirretxek, berriz, txapela Donostiara eramatea espero du: “Ilusio handia egiten digu final honetan jokatzeak, azken denboraldian derbietan ondo ibili garela esan nahi du”. Azkenik, Jesus Mari Isusik gogoratu du Athleticek 2003an estreinatu zuela Lasesarre, eta Amaia del Campok “Barakaldorentzat pizgarri handia” ikusten duela derbian.