undefined

Hiru lehoikumeen ilusioa

Hiru lehoikumeen ilusioa

Harrobiko jokalariak diren Adu Ares, Alex Padilla eta Luis Bilbao lehen taldearekin denboraldiaurreko ‘stage’-an estreinatu dira, anbizio eta hazteko gogoz beterik

Amets bat”. Hitz horrekin definitu dute Luis Bilbaok, Adu Aresek eta Alex Padillak Athletic Clubeko lehen taldearen denboraldiaurreko estreinaldia. Lehen pertsonan bizitzen ari dira orain arte imajinatzen zituzten entrenamendu guztiak: Lan saio bikoitzak eta intentsitate eta kontzentrazioz beteriko egunak. Haiekin bildu nahi izan dugu hurbilago Alemaniako lehen egun hauetan dituzten sentsazioak hurbilago ezagutzeko.

Urtebete baino ez da igaro Luis Bilbao Basconiarekin entrenatzen hasi eta Bilbao Athleticekin Lehen Federazioko partida erabakigarriak jokatzetik gaur egun lehen taldeak Harsewinkelen egiten ari den espedizioko kide bilakatu denetik. Lehoikumea ilusioz gainezka eta gogotsu dago hurrengo denboraldiko prestaketa-egun gogor hauetan aurrerapausoa emateko: “Urtebetean Basconia eta Bilbao Athleticekin jokatzetik pasa naiz eta orain ilusioz gainezka nago Alemanian lehen taldearekin entrenatzen ari naizelako. Urte asko eman ditut Lezaman lehen taldean egoteko helburuarekin. Gero eta hurbilago dago, horregatik, esperientzia hau aurrerapauso handia izaten ari da niretzat. Oraindik urrats pozgarriena emateke daukat”

Berangoko aurrelariaren ibilbide bera egin du Adu Aresek. Harrobiko bigarren taldearekin entrenatzen hasi eta urtebetera, Ernesto Valverderen aginduetara denboraldia hasi aurreko entrenamenduak osatzen ari da: “Nire lehen denboraldiaurrea da lehen taldearekin, eta gogo eta ilusio handiz bizitzen ari naiz. Aurreko denboraldian, garai berdintsu hauetan, Basconian jokatzen ari nintzen. Ahal dudan neurrian, onenengandik ikasten saiatzen ari naiz, bakoitzaren indarguneei erreparatuta”.

Alex Padilla atezainak, berriz, inoiz imajinatu ez zuen esperientzia bat bizitzen ari dela nabarmendu du: “Duela hiru urte hemen egongo nintzela esan bazenit, ez nukeen sinetsiko. Burutik jota zaudela esango nizuke. Niretzat, onenekin hemen egotea amets bat da. Oso pozik nago egunez egun ikasten dudalako”.