Doako sarrera bihar Lezaman lehoiak ikusteko

Doako sarrera bihar Lezaman lehoiak ikusteko

Athletic Clubek Bordeleko Girondinsen aurka jokatuko du bihar (12:00etan) denboraldiaurreko laugarren neurketan

Lehoiek udako laugarren partida, eta bigarrena etxean, jokatuko dute bihar. Bragako Sportingen aurka 4-0 irabazi eta Lezamatik urrun bigarren mailako Real Oviedo eta SD Eibar menderatu ondoren, zuri-gorriek Frantziako Ligako aurkari bat jasoko dute bihar Lezaman. Bordeleko Girondins izango da hurrengo proba eta denboraldiaurreko aurkezpen partida.

Hori dela eta, Klubak Lezamako ateak ireki ditu, nahi duten zaleek neurketaz gozatzeko, lehoiei babesa eman eta lehen pertsonan ezagutzeko aukera izan dezaten. Sarrera doakoa izateaz gain (txarteldegitik pasa behar da gonbidapena jaso eta edukiera kontrolatu ahal izateko), partida amaitzean jokalariek bertaratutako zale guztiak artatuko dituzte. Horretarako gunea prestatuko da sarrerako tornuetan eta zaleek lehoiak gertutik ezagutzeko aukera izateaz ez ezik, argazkiak atera eta autografoak eskatu ahal izango dituzte.

Neurketari dagokionez, Iraia Iturregik minutuak jokalari guztien artean banatuko ditu berriro. Naroa Uriarte, Irene Oguiza eta Naia Landaluze ez dira lagunartekoa jokatzeko prest izango. Gainera, Nekane Diez gehitu behar da bajen zerrendara, iskio giharretako arazoekin baitago.

Sentsazioak ezin hobeak izaten ari dira, eta behin egutegia ezagututa, taldea are eta ilusionatuago aurkeztuko da.

Zirrara hori Athleticeko zalego guztiarekin partekatu nahi dute Lezaman. Zuen zain gaude!