Athletic Club eta Reala, aurrez aurre EH Kopako finalerdian

Athletic Club eta Reala, aurrez aurre EH Kopako finalerdian

Derbia bihar Tolosan jokatuko da (16:00etan, ETB) eta orain arte galdu ez duten denboraldiaurreko proba gogorra izango da lehoientzat

Bihar, igandea, abuztuak 28, 16:00etatik aurrera (ETB) Euskal Herria Kopako XII. edizioko finalerdietako bat jokatuko da. Realak etxeko talde gisa jokatuko du Berazubin, Tolosa CFren zelaian, eta uda honetan jokatutako zazpi partidak irabazi dituzten lehoiak hartuko ditu. Final aurreratua izango da, Euskal Herria Kirolak antolatutako txapelketa honetako aurreko hitzorduetako partida erabakigarrietan ia beti ikusi baitira donostiarrak eta bilbotarrak.

Iraia Iturregiren neskek edizio guztietan parte hartu dute 2011tik, guztietan Realarekin topo egin zuten finalera iritsiz, iazko salbuespena iritsi arte. Bizkaitarrek 2-1 irabazi zioten Deportivo Alavesi 2021eko abuztuan Astin (Zarautz) jokatutako finalean.

Athletic Clubek zortzi garaipen lortu dituzte EH Kopan (2011, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2021), eta donostiarrek, berriz, hiru (2012, 2019, 2020). Biharko kanporaketako irabazleak irailaren 4ko finalean Alavesen edo SD Eibarren aurka neurtuko ditu indarrak. Arabarrek eta armaginek ere bihar neurtuko dituzte indarrak 12:00etan Mintxetan (Elgoibar).

EH Kopako finalera sailkatzen saiatzeko, Iturregik hainbat baja izango ditu eta bigarren taldeko jokalariak deitu ditu. Zerrenda 17 jokalarik osatzen dute: Mariasun Quiñones, Amaia Peña, Naia Landaluze, Garazi Murua, Oihane Valdezate, Oihane Hernandez, Eunate Arraiza, Ane Azkona, Nerea Nevado, Itxaso Uriarte, Mariana Cerro, Paula Arana, Ainize Barea, Sara Ortega, Alejandra Estefanía, Jone Amezaga eta Amaia Martinez.

Atzoko entrenamenduan, Marta Unzuek arazoak izan zituen eskuin orkatilan eta eboluzioaren zain dago. Gainera, badaezpada, Nekane, Monente, Bibiane eta Oguiza ez dira zerrendan sartu. Yulema Corresek hobera egin du bere sendatze-prozesuan.