20 urtez azpiko munduko txapeldunei eta 19 urtez azpiko europako txapeldunei omenaldia

20 urtez azpiko munduko txapeldunei eta 19 urtez azpiko europako txapeldunei omenaldia

Ane Elexpuru, Clara Pinedo, Maite Zubieta eta Amaia Martinez Athletic Clubeko jokalariek ohorezko sakea egingo dute RCD Espanyolen aurkako partidaren atarian

Athletic Clubek omenaldia egingo die San Mamesen Ane Elexpuru, Clara Pinedo, Maite Zubieta eta Amaia Martinez jokalari gazteei RCD Espanyolen aurka LaLigako laugarren jardunaldiko partidan. Harrobiko jokalari zuri-gorriek ohorezko sakea egingo dute hasierako txistua jo aurretik.

Lau bizkaitarrek aparteko uda arrakastatsua bizi izan dute Espainiako selekzioarekin. Lehenengo, uztailean Txekiar Errepublikan jokatutako 19 urtez azpiko Europako Txapelketako txapeldun izendatu ziren. Ane Elexpuru, gainera, protagonista izan zen finalean Norvegiaren aurka Ostravan jokatutako norgehiagokan bi goletako bat sartu baitzuen.

Atseden hartzeko ia denborarik gabe, eta pandemiak behartuta, 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa jokatu da abuztuan Costa Rican, eta Elexpuruk, Pinedok eta Zubietak urrezko domina eskuratu dute berriro, bi hilabeteren buruan, Japoniari 3-1 irabazita.

Orain arte, hiru jokalari bakarrik izan ziren munduko txapeldun Athletic Clubeko beheko mailetan. Egun, hiru futbolari horiek lehen taldean daude: Paula Arana, Nerea Nevado eta Naroa Uriarte. 17 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi zuten 2018ko abenduaren 1ean Uruguain, Mexikoren aurka (2-1).

San Mameseko zalegoari RCD Espanyolen aurkako partidara harrobiko jokalari zuri-gorrien omenaldian parte hartzeko behar besteko aurrerapenarekin joateko eskatzen zaio.