Udako azken lagunartekoa lehoientzat

Udako azken lagunartekoa lehoientzat

Athletic Clubek SD Eibar hartuko du bihar Sondikan 17:00etatik aurrera eta sarrera doan izango da Euskal Herria Kopako kontsolazio partidarako

Emakumezkoen lehen taldeak denboraldiaurreko azken partida jokatuko du. Bihar 17:00etatik aurrera Basozabalen (Sondika), Athletic Clubek SD Eibar hartuko du Euskal Herriko XII. Kopako hirugarren postuaren bila. Lehoiek 3-1 galdu zuten Realaren aurka iragan igandean Tolosan eta armaginek gauza bera egin zuten Alavesen aurkako beste finalerdian, Elgoibarren. Hala, Medina de Pomarren jokatutako lagunartekoaren ostean, bi klubek berriro elkar ikusiko dute.

Abuztuaren 10ean Burgosen jokatu zen partida hartan Iraia Iturregirenak nagusitu ziren (1-0) partida oso lehiatuan. Biharko hitzordurako, sarrera doakoa izango dena, talde zuri-gorriek baja ugari izango dituzte. Oihane Hernandez, Paula Arana eta Oihane Valdezate internazionalez gain, Loiuko entrenatzaileak hainbat futbolari ditu erizaintzan.

Deialdia aurten 2. RFEF. mailan arituko den hirugarren taldeko hiru jokalarik osatuko dute, 1. RFEF-ko lehen filialak ere beste lagunarteko bat jokatuko baitu Villaviciosan, Deportivoren aurka. Honako hauek dira zerrenda osatzen duten jokalariak: Mariasun Quiñones, Amaia Peña, Garazi Murua, Nekane Diez, Irene Oguiza, Eunate Arraiza, Ane Azkona, Nerea Nevado, Itxaso Uriarte, Mariana Cerro, Bibiane Schulze, Ainize Barea, Sara Ortega, Jone Amezaga, Leire Eguia, Itxaso Arteaga eta Sara Roda.