“Klubaren proiektua talentua mantentzea da”

“Klubaren proiektua talentua mantentzea da”

Jon Uriarte presidenteak eta emakumezkoen taldeko bi ordezkari nagusiek, Iraia Iturregik eta Garazi Muruak, harrobiak daukan garrantzia nabarmendu dute, gaur egungo lehen taldeko 18 jokalari filialetik pasa direlako

Jon Uriarte, Iraia Iturregi eta Garazi Murua, Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldeko presidentea, entrenatzailea eta kapitaina, elkarrekin agertu dira hedabideen aurrean taldearen kirol helburuak publikoki finkatzeko:

Denon artean ezarri ditugu: jokalariak, entrenatzaileak eta kirol-zuzendaritzako eta Zuzendaritza-Batzordeko kideak. Ilusioz beteriko denboraldia hasiko dugu eta erronka handia eta zaila izango da beste taldeek fitxaketa oso onak eta garrantzitsuak egin dituztelako. Bestalde, gurekin geneuzkan esperientzia handiko jokalariak ez daudelako, baina ez ditugu aitzakiak jarri nahi talentu handia dagoelako gure taldean eta harrobian ere. Giza taldea ere lehen mailakoa da. Klubaren proiektua epe ertainean eta luzean talentu hau Athleticen mantentzea da. Fitxaketak egingo ditugu behar izanez gero, baina gure asmoa jokalariek karrera guztia hemen egitea da. Horretarako proiektu ona eskaini behar diegu helburu handiak lortzeko aukera eta soldata lehiakorrak eskainiz”, adierazi du Uriartek.

Bestalde, presidenteak aurreko denboradiko emaitza hobetzea du jomuga: “Kopa guretzat oso garrantzitsua da, baina nahiko zaila da helburuak ezartzea txapelketa honen inguruan dauzkazun kanporaketek asko baldintzatzen baitute. Horregatik, ligan zentratuko gara. Pasa den denboraldian egin genuena hobetzea izango da gure helburua aurten, hau da, sailkapeneko lehen herenean geratzea. Hau lortzeko zaleak Lezamara eta San Mamesera gure animatzera etor daitezela behar dugu. Hala ere, ez diogu ezeri uko egiten eta denboraldiari anbizioz ekingo diogu, baina, jakina, helburuak oinak lurrean jarrita markatzen ditugu. Maila gero eta handiagoa da eta horrek gauzak asko zailtzen ditu”.

Iraia Iturregik daukan taldearekin pozik dagoela aitortu du: “Egia da bajak izan ditugula, baina bigarren taldetik talentuzko jokalariak igo ditugu eta konfidantza osoa daukagu plantillan. Azken urteotan pixkanaka-pixkanaka batez besteko adina jeitsi da lehen taldean eta orain 24 urtekoa da. Liga F-ko plantilla gazteenetarikoa izango da gurea. Txapelketaren maila gero eta hobea da, jokalarien %31 atzerritarrak dira ligan eta guretzat erronka zoragarria da etxeko jendearekin talde horien aurka lehiatzea. Nirekin bigarren taldean zeuden 12 jokalari izango ditugu aurten lehen taldean eta guztira plantillako 18 pasatu dira filialetik. Nire ustez, horrek Lezaman urtero egiten den la nona agerian uzten du. Gure helburua talde hori egonkortzea izango da eta jokalari gazteenei ahal bezain pronto errendimendua ateratzea lehen mailan. Gainera, hiru maila gorenetan taldeak dituen estatuko klub bakarra izango gara. Alde horretatik, lasai egon behar dugu jokalariei hazten jarraitzeko testuinguru egokia emanez, baina baita ere babesa emanez".

Teknikari zuri-gorriak taldea horrelakoa izatea nahi du: “Aldagelan eta entrenamenduetan ikusten dudan alaitasuna zelaian erakutsi behar dugu. Erasora doan, presio intentsoa egiten duen, bertikala den eta aukerak sortzen dituen taldea izan behar dugu. Ausartak izateak joko erakargarri bat egitera eramango gaitu eta hórrela partidak irabazteko aukera gehiago izango ditugu. Erregularrak izan behar dugu denboraldi osoan zehar”.

Bukatzeko, Garazi Muruak ere bere ikuspuntua eman du taldearen inguruan: “Oso talde alaia, inplikatua eta konprometitua daukagu. Egia da gaztea dela, baina gu datorrenean zentratuta gaude. Urte polita egin nahi dugu eta ez diogu ezerri uko egin nahi. Asteburu honetan hasiera ona eman hani diogu ligari. Horretarako prestatu gara”.