Estatutuak: 11. artikuluaren aldaketa

Estatutuak: 11. artikuluaren aldaketa

Bazkideen Txokoan eskuragai dago proposatutako idazketa, eta horri buruzko alegazioak egin daitezke irailaren 22ra arte

2022ko abuztuaren 5ean, Klubaren web orriko Bazkideen Txokoan argitaratu zen Athletic Clubeko Zuzendaritza-Batzordearen erabakia, bazkide izaera lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiliz hildako bazkideen txartelen ondorengotzari buruzkoa. Horri dagokionez, Zuzendaritza-Batzordeak, 2022ko urriaren 31ra arte, hildako bazkidearen oinordeko guztien esanbidezko eta idatzizko akordioa oinordetza-formula gisa mantentzea erabaki zuen, ordura arte geldirik zeuden 72 eskaerei irtenbidea emanez; izan ere, gaur egun, eskaera horiek 97 dira. Era berean, Zuzendaritza-Batzordeak konpromisoa hartu zuen, data hori baino lehen, Estatutuen 11. artikulua aldatzeko proposamena Konpromisarioen Batzarrari aurkezteko, mortis causa bazkide izaeraren ondorengotza-eskubide horren erabilera bultzatu eta indartze aldera.

Zuzendaritza-Batzordeak hartutako konpromisoari jarraituz, Estatutuen 11. artikulua aldatzeko proposamena jarri da Bazkideen Txokoan bazkideen eskura. Horiek horrela, alegazioak aurkezteko epea zabaldu da irailaren 22ra arte. Epe horretan, bazkideek beren alegazioak Txokotik bertatik bidali ahal izango dituzte eta beste bazkide batzuen proposamenak ikusi ahal izango dituzte. Ondoren, urriko Ohiko Batzar Nagusian aurkeztu eta bozkatuko da.

Jendaurrean jarri den estatutuak aldatzeko proposamenak, azaldu denez, mortis causa bazkide izaeraren ondorengotza-eskubide honen erabilera bultzatu eta indartu nahi du, hiru neurri hartuta:

(i) Inter vivos eta mortis causa lehentasunez eskuratzeko eskubideak parekatuz, bi eskubideen onuradun izan daitezkeenak identifikatzeari dagokionez.

(ii) Eragilearen azken borondatea lehenetsiz mortis causa lehentasunez eskuratzeko eskubideaz baliatuz bazkide gisa oinordeko izango duen senidea izendatzerakoan.

(iii) Baina, aldi berean, bazkideak, hil aurretik, testamentuan edo Klubari egindako jakinarazpen ofizial batean bere ondorengoa izendatu ezean, bazkideei onartutako estatutu-eskubide hori automatikoki galtzea ekiditea. Kasu horretan, hildako bazkidearen oinordekoek adostasunez erabakitzen dutenari jarraituko zaio, 2022ko maiatzaren 24ra arte indarrean zeuden Estatutuetan ezarritakoaren arabera, bazkideak bizitzan izendatu zitzakeen pertsonen artean.

Kontuan izan behar da baldintza hori betetzeak eragotzi egiten zuela Klubean jasotako 72 mortis causa oinordetza-eskaerak 2022ko abuztuaren 2ra arte izapidetzea, eta gaur egun 97 eskaera daudela.