Lehoiak Sporting Huelvaren aurka estreinatuko dira etxean

Lehoiak Sporting Huelvaren aurka estreinatuko dira etxean

Iraia Iturregiren talde gaztetuak Liga F berriko denboraldiko lehen norgehiagoka jokatuko du bihar Lezaman (12:00etan)

Itxaron behar izan dugu, baina emakumezkoen futbol lehiaketa abian da. Athletic Club bihar estreinatuko da etxean Sporting Huelvaren bisitarekin (2. jardunaldian). Oso lehiakorra izango den ibilbide berria Lezaman hastea garrantzitsua dela esan beharrik ez dago. Lehoiek sailkapenaren goialdean kokatzeko borrokatu nahi dute eta, horretarako, dinamika on batekin sasoia ekitea oso garrantzitsua da.

Iraia Iturregiren nesken denboraldi-aurrea ona izan da, bai emaitzei bai sentsazioei dagokienez, baina probak egiteko denbora amaitu egin da, eta hiru hilabete baino gehiago partida ofizialean lehiatu gabe egon ondoren, zuri-gorriak futbolaren eszenatokira itzuliko dira. Aurrean Sporting Huelva izango dute, Lezaman inoiz irabazi ez duen taldea. Mayra Ramirez, Anita Marcos, Fatouh Kanteh eta Keane galdu ostean, aurrealde osoa berritu dute. Asko fitxatu dute, aurreko denboraldiarekin alderatuta eta talde berritua aurkezten dute sasoibberri honetan. Ideiak oso argi dituen taldea da eta aulkian, Antonio Toledo, Lehen Mailako entrenatzailerik beteranoena dauka. Aurreko denboraldian, talde andaluziarrak Erreginaren Kopako txapeldunordearen domina eskuratu zuen, finalean FC Barcelonaren aurka galdu ondoren.

Lezamak gotorlekua izan behar du, eta athleticzaleek hasiera-hasieratik auspotu behar diote lehoien futbolari. Harrobiko Sara Ortegak eta Jone Amezagak, biak 17 urtekoak, freskotasuna eman diote taldeari, bai zelai barruan, bai kanpoan. Iturregik bere blokea sendotu nahi du, Nekane, Eunate eta Yulema bezalako jokalari beteranoekin. Athletic Clubek denboraldiko lehen garaipena erdietsi nahi du eta, zaleekin egingo duen birtopaketan, 2022-2023 denboraldi interesgarri honi hasiera emateko partida bikaina eskaintzeko zelaian dena jarriko du.

Iturregik XX jokalari hauek deitu ditu txapelketako lehen hitzordurako: Quiñones, Amaia Peña, Valdezate, Nekane, M. Unzue, Monente, Oihane, Oguiza, Eunate, Pinedo, Azkona, Nerea Nevado, Itxaso, Mariana, Arana, Bibiane, Peke, S. Ortega eta J. Amezaga.