“Ikusteko partida polita izan da”

“Ikusteko partida polita izan da”

Ernesto Valverde pozik agertu da bere jokalarien jardunarekin eta "bide onean" daudela uste du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea pozik agertu da bere taldeak Rayo Vallecanoren aurka San Mamesen 3-2 irabazi ostean: "Pozik gaude, ezbairik gabe, gaur irabazteagatik eta geldialdira ondo joateagatik. Bide onean gaude partida hauetan. Atseden egun batzuk hartuko ditugu, baina hau oso luzea da".

Entrenatzaile zuri-gorrirentzat ez da ezustekoa izan neurketa izugarria bizi izana: "Ikusteko partida polita izan da. Erritmo handikoa izango zela aurreikusi genuen, haiek goi-presioa oso aurreratuta botatzen dutelako eta, gainera, intentsitate handikoa egiten dutelako, guk bezala. Bi taldeek arriskatzen dugu. Hasiera ikusgarria daukate eta iaz ere gol bat egin zuten hemen hasi eta gutxira. Andoni Iraolaren taldeak biziak dira, azken finean antzekoak gara. Haiek gola sartu ondoren, gure jokalarien abiadura aprobetxatu dugu, barneko jokoan ondo moldatu gara, jokaldi azkarrak egin genitzakeen eta markagailua iraultzeko aukera izan dugu. Bigarren zatian, bi goleko abantailarekin, norgehiagoka erabakitzeko moduko aukera argiak izan ditugu. Hortik aurrera, atzerapausoa eman dugula uste dut, gol ederra egin digute eta estu ibili gara amaierara arte".