Iraia Iturregi: "Oso partida erakargarria espero dut"

Iraia Iturregi: "Oso partida erakargarria espero dut"

Entrenatzaile zuri-gorriak, gerturatzen ari den egutegi zailaz jabetuta, hurrengo jardunaldietan taldea gehiagora joatea espero du

Iraia Iturregi hedabideen aurrean agertu da gaur goizean Lezaman, taldea bihar Valentziara autobusez abiatu aurretik. Igandean, 19:00etan, Ligako F-ko 3. jardunaldian, lehoiek Levante UD taldearen aurka jokatuko dute.

Joan den igandean Sporting Huelva mendean hartu ondoren, Iturregi pozik agertu da hasiera onaren ostean. "Beti da gustukoa garaipen batekin hastea, gainera gure zaleen aurrean irabaziz eta ikuskizun on bat emanez. Jendea pozik joan zen etxera taldeak egin zuen partidagatik. Hau hasiera besterik ez da, liderrak izateak ez du garrantzi handirik. Badakigu orain Levante, Real Madrid eta Barcelona datozela".

Aurkariari dagokionez, Levante UD taldeak ere irabazi zuen, eta Iturregiren ustez, futbolari garrantzitsuak galdu dituen arren, 9-10 jokalari internazional ditu. "Erasora doan taldea da, eta bi erreferentzia ditu goian, Mayra eta Alba Redondo, metro bat utzi eta gola egiten dizutenak. Sutan joango gara. Oso partida erakargarria espero dut". Gainera, iazko aurrekariek Lezaman 2-3ko emaitzarekin eta Buñolen markagailu berarekin horren adibide garbia dira.

Taldea ondo hasi da, nahiz eta hurrengo jardunaldietan lehoiek norgehiagoka zailak izan. "Datozen partidetan emaitza onak izango ez bagenitu ere, ziur nago taldea hobera joango dela lan bikaina egiten ari baita. Neska gazteak oso ondo egokitu dira, baina talde trinkoa izan behar dugu".