“Nire tokia lortzeko lan egiten dut egunero”

“Nire tokia lortzeko lan egiten dut egunero”

Dani Garcia, Ligako azken bi partidetan hamaikakoan, jakitun da denboraldi honetan bere gain hartzen duen rolaz: "Entrenamendu guztietan dena eman behar dut lehiakortasunak maila gorenekoa izaten jarrai dezan"

Dani Garciak komunikabideen galderei erantzun die Athletic Clubek Lezaman egin duen entrenamenduaren ostean. Zumarragako erdilariak argi hitz egin du Valverderen aginduetara duen paperarekin: "Denok jokatu nahi dugu dena, baina une bakoitzean zure egoera zein den jakin behar duzu. Ordezkoa izatea tokatzen zaizunean, entrenamenduetara etor zaitezke eta egunero hobetzen saiatu edo entrenatzailea txarra dela esan, mania dizula. Nik uste dut bide zuzena aukeratu dudala eta horrek erantzun ona ematea ahalbidetu dit zelaian behar izan nautenean". 

Erdilari zuri-gorriak argi dauka bere helburua, "taldea ahalik eta goren egotea. Nik ezin dizuet esan gol asko sartuko ditudala, baina bai lana eta lehia zin egin. Jokatu edo ez jokatu, entrenamenduetan ahal dudan guztia ematen dut eta uste dut horrek partida egunetan maila altua mantentzen laguntzen digula. Mikelek (Vesga) jokatu duenean, oso ondo egin du, eta niri egokitu zaidanean, ere bai. Hori ona da guztiontzat". 

Ernesto Valverderi eta zelai erdian dituen asmoei dagokienez, Danik azaldu du: "Euskarri lanetan bakarrik jokatzea edo birekin jokatzea nahiko ezberdina da. Taldearen irteeran garrantzi handiagoa duzu bakarrik zaudenean, aurrera jotzea tokatzen zaizu eta jokoa irizpide gehiagorekin banatzea. Egunez egun asko ikasten ari naiz eta Ernestorekin gozamena da. Entrenatzaile bikaina izateaz gain, oso pertsona normala da eta taldea  bikain darama. Asko eskertzen da gureganako duen tratu gizatiarra. Nirekin oso argia izan da beti bere ideiekin eta taldean dudan eginkizunekin".