Lehoi aitzindariei omenaldia

Lehoi aitzindariei omenaldia

Athletic Club - Real Madril partidaren atarian egingo da, emakumezkoen taldeak lehen partida jokatu zuenetik 20 urte beteko direla aprobetxatuz

Igande honetan, urriaren 2an, Lezamak partida bikaina jasoko du. Athletic Clubek eta Real Madrilek elkarren aurka jokatuko dute Liga Fko 4. jardunaldian, Klubeko emakumezkoen sailerako efemeride berezia baino lau egun lehenago. Datorren urriaren 6an 20 urte beteko dira lehoien lehen partida ofiziala jokatu zenetik, eta jokalari horien zati handi bat omenduko dute Iraia Iturregik zuzentzen duen taldearen norgehiagokaren atarian.

Hain zuzen ere, Loiuko entrenatzailea izan zen maila gorenean egindako estreinaldian Ligako txapeldun izatea lortu zuen talde hartako kideetako bat. 2002-03ko denboraldia oso arrakastatsua izan zen, baita elkarren segidan irabazitako beste biak ere (03-04 eta 04-05). Iñigo Juaristik gidatu zituen San Mamesen jokatu eta milaka bizkaitarrekin batera arrakastak ospatu zituzten lehen emakume lehoi mitiko haiek.

Eli Capa, Nerea Uriagereka, Izaskun, Tzibi, Vanesa, Itziar Gurrutxaga, Iraia Iturregi, Lorena, Eli Ibarra, Nerea Onaindia eta Eba Ferreira izan ziren Torrejonen aurkako lehen partida ofizialeko hasierako hamaikakoan aritu ziren jokalariak. Lezamako zelaia bete-beterik, garaipen sendo bezain erosoa erdietsi zuten Athleticeko neskek (7-1). Orduko hasierako hamaikakoa eta gainerako jokalariak Lezaman izango dira igandean, talde teknikoarekin batera, athleticzaleen maitasuna jaso dezaten.

Gure taldea madrildarren aurka garaipen handia lortzen saiatuko dira lehoi aitzindari hauek behar den moduan omentzeko. Bertaratzen diren zaleei omenaldian parte har dezaten, aldez aurretik harmailetan egotea eskatzen zaie.