Iraia Iturregi: "Uste dut hobetzen joango garela"

Iraia Iturregi: "Uste dut hobetzen joango garela"

Jokalariak "ondo eta pozez, konfiantzaz eta lehiatzeko gogoz" ikusten ditu entrenatzaile zuri-gorriak

Iraia Iturregi hedabideen aurrean agertu da gaur goizean Lezaman, taldeak bihar, igandea, 18:00etan Real Madriden aurka Liga F-ko 4. jardunaldian jokatu aurretik. Talde zuriak Txapeldunen Ligako multzoen faserako sailkapena lortu berri du, eta, beraz, proba gogorra izango da zuri-gorrientzat: "Liga F-ko talde indartsuetako bat da, eta, egin dituen fitxaketekin, Europakoa ere badela esatera ausartuko nintzateke. Indargune asko ditu, baina gure ezaugarriengatik min egin diezaiokegula uste dut".

Lehoiek denboraldi hasiera zaila dute, eta Loiukoak bere futbolariak jardunaldiek aurrera egin ahala hobetzen joango direla uste du: "Hasi berriak gara eta jakitun gara hasiera honen gogortasunaz. Levanteren aurkako partidan ez genituen aukera asko sortu. Talde gazteekin gertatzen den bezala, uste dut behetik gora egingo dugula. Lehen jardunaldietan arerio indartsuenen aurka jokatzea egokitu zaigu, baina jokalariak ondo eta pozez, konfiantzaz eta lehiatzeko gogoz ikusten ditut. Hau iraupen-lasterketa bat da".

Aurreko denboraldiko norgehiagokei buruz galdetuta, Iturregik erreferentzia ona direla esan du, eta errepikatu egin nahi ditu: "Etxeko partida joan den denboraldi osotik gustuen geratu nintzenetako bat izan zen, eta kanpokoa ere, akats bat egin genuen arte, oso kontrolatuta geneukan".

Azkenik, tekinikariak klubeko emakumezkoen ataleko aitzindariei egindako omenaldia nabarmendu nahi izan du: "Pena ematen dit beste ikuspegi batetik ezin bizitzeak, neurketan zentratuta egongo bainaiz. Dagoeneko 20 urte dira hasi zenetik, eta Athleticeko emakumezkoen taldeak gaur egun dituen baldintzak baditu eta emakumezkoen futbola sasoi honetan badago, askoz lehenago bidea irekitzen hasi zitzaizkigun jokalariei esker da. Beraientzat ere gozamena da orain dagoen maila ikustea. Partida berezia izango da nirekin sartu ziren taldekide guztientzat. Esperientzia batzuk ere bizi izan genituen, agian ez genituen izan gaur egungo baliabideak, baina beti esaten dut ez dudala munduko ezergatik aldatzen garai hartan bizi izan genuena. Tituluak ospatu ahal izatea gure jendearen aurrean San Mames zaharra beteta zegoela, eta gero neska txikiei nahi duten kirola egiteko aukera eman izana".