Ane Elexpuruk debuta egin du lehen taldearekin

Ane Elexpuruk debuta egin du lehen taldearekin

Hasierako taldean irten zen Real Madriden aurka, joan den udan Europako 19 urtez azpiko txapelketan eta 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan urrea lortu ostean

Duela bi aste Sporting Huelvaren aurkako partidan eta Jone Amezagarekin gertatu zen bezala, gure harrobiko beste jokalari batek debuta egin zuen titular gisa Liga F-ko 4. jardunaldian. Iraia Iturregik Ane Elexpuru zelairatu zuen hasierako taldean Real Madriden aurka jokatzeko. Zoritxarrez, Elexpuruk ezin izan zuen lehen gola eta garaipena lortu, Zallako jokalariaren kasuan bezala, baina arratsalde ahaztezina izan zen bilbotarrarentzat.
 


Elexpuruk, edozein hasiberrik bezala, urduritasunez eta ilusioz hasi zuen norgehiagoka, eta Misa lehen uneetan ezustean harrapatzeko aukera ere izan zuen. 19 urteko jokalariak maila gorenean lehen miinutuak izan zituen eta bere estreinaldiaz gozatu zuen, bigarren zatian Sara Ortega lehoi gazteak ordezkatu aurretik. Lehen neurketa jokatu zuen, nola ez, bere zinta gorri bereizezina jantzita.

Zalantzarik gabe, 2022a urte bikaina izaten ari da Loiola Indautxu eta Bizkerren hezitako lehoiarentzat. 2018-2019 denboraldian heldu zen, kadete adinean, baina zuzenean nesken bigarren taldea osatzera pasa zen, non berebiziko papera izan duen. Bere garapenak bere burua Espainiako selekzioko beheko mailetan finkatzeko balio izan du. Uda honetan, Europako 19 urtez azpiko txapelketa eta 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi ditu, taldeko nabarmenetako bat izanik. Duela hilabete bat omenaldia egin zioten San Mamesen, beste zuri-gorriekin batera.

Denboraldi honetan, bigarren taldeko fitxa duen arren, lehen taldeko dinamikan dago eta ziur atzokoa ez direla Lehen Mailan jokatuko duen minutu bakarra. Zorionak!