"Partida handia dator gure jendearekin batera"

"Partida handia dator gure jendearekin batera"

Iker Muniainek gogotsu ekingo dio Atletico Madriden aurkako lehiari San Mamesen, Athletic Cluben sasoi onari jarraipena emateko

Iker Muniain hedabideen aurrean agertu da larunbatean San Mamesen (21:00etan) Athleticek  Atletico Madriden aurka jokatuko duen partidaren atarian. Denboraldiko neurketa erakargarrienetariko a eta lehiatuenetariko bat izango da, zalantzarik gabe. Taldeak, egoera ezin hobean, aurre egingo dio, athleticzaleen aurrean, emaitzei jarraipena emateko eta joko ona egiteko gogoz: "Taldea oso ondo dago. Partida bikaina dator, zirraragarria, aurkari handi baten aurka. Aurkari zuzena, sailkapenak eta merituek hala diotelako. Gure jendearekin garaipenak batzen jarraitzeko gogoa dugu, giro bikaina sortu baita gure zelaian gauza politak egiteko".

Jokalari zuri-gorria, Diego Pablo Simeonek entrenatutako taldearen aurkako neurketari begira, agertu da eta txapelketako lehen egunetan ikusitakoa luzatu nahi du: "Goian egoteko eskubidea irabazi dugu, norgehiagoka onak egin ditugulako eta puntu asko lortu ditugulako. Hirunaka batzen jarraitu nahi dugu, goiko postu horiek gureak egin nahi ditugu eta hortik mugitzea zaila izatea ere. Taldeak oso ondo erantzun du orain arte eta edozein partidari aurre egiteko prest dago".

Kapitain zuri-gorriak, talde koltxoneroaren aurka jokatuz gero, Markel Susaeta (507) gaindituko du Athletic Clubekin jokatutako partida kopuruen zerrendan. Hamar zenbakidunak oso harro dago: "Oso polita da. Izugarrizko poza eta ohorea da zifra horietan mugitzea. Klub honetako mitoak izan diren eta ibilbide inbidiagarria izan duten jokalariak gainditu ahal izatea ikaragarria da. Mundu guztiak amesten duena da".