Iraia Iturregi: "Taldeak indartsu eta konfiantzaz jarraitzen du"

Iraia Iturregi: "Taldeak indartsu eta konfiantzaz jarraitzen du"

Lehoiek Atletico de Madrid hartuko dute bihar (11:45ean) Lezaman, eta aurreko denboraldian bezala, garaipena berriro eskuratzea izango dute helburu

Iraia Iturregi hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, taldeak bihar 11:45ean Atletico Madrden aurka jokatu aurretik. F Ligan sei jardunaldi jokatu ondoren, talde koltxoneroa laugarren postuan dator Lezamara, porrot bakarrarekin, eta Iraia Iturregik badaki partida zaila izango dela, baina ez irabazteko ezinezkoa: "Iaz partida borobila jokatu genuen, garaipena lortuz, eta oraingoan ildo horri jarraitu behar diogu. Jokalariek konfiantza izan behar dute garai hartan egin genuen bezala lan eginda, taldeak neurketa irabazteko aukerak izango dituela".

Aurkariari dagokionez, Iturregik badaki oso talde ona dela: "Oso talde borobila da, jokoaren arlo askotan min egiteko gai. Txapeldunen Ligara joateko egina dago, baina guk etxean jokatzen dugu, gure zaleen aurrean, eta ditugun aukerak aprobetxatzen baditugu, hiru puntuak Lezaman gera daitezke".

Denboraldi honetako egutegi zailaz eta taldearen egungo sailkapenaz galdetuta, Iturregik aitortu du bazekiela hasiera gogorra izango zela: "Lehen bederatzi jardunaldiak pasa den denboraldian gure aurretik amaitu zuten sei talderen aurka jokatzea egokitu zaigu. Biharkoarekin, 2021-22 ligako lehen lauen aurka aritu gara jada. Taldea partidak irabazteko prestatzen da beti, baina lehen jardunaldietan puntu gutxi izatea aukera bat zen".

Lehen jardunaldietan puntu asko lortu ez dituzten arren, Loiukoa baikor eta sendo agertu da: "Gu indartsu eta konfiantzaz gaude oraindik. Jokalariek badakite puntuak behar ditugula eta batzuetan irrika horrek ezinegona sortzen dizu, baina indartsu jarraitzen dugu".