"Tenerifen irabazteak egoerari buelta ematen hastea ahalbidetuko liguke"

"Tenerifen irabazteak egoerari buelta ematen hastea ahalbidetuko liguke"

Entrenatzaile zuri-gorriak partidaren fase guztietan erregularra izatea eskatu dio taldeari eta aste honetan Athleticek sailkapenean aurrera egitea espero du

Iraia Iturregi Lezamako prentsa aretoan izan da, bere taldeak Tenerifera bidaia egin eta ordu gutxira. Bihar jokatuko da La Palmeran , epaileen grebagatik atzeratuta geratu zen Liga F-ko 1. jardunaldia. Entrenatzaile zuri-gorriak ez du UDG Tenerifera egindako zazpi bisitetan lehoiek punturik lortu ez dutela dioen estatistika txarrean pentsatu nahi. "Ez dut uste aurrekariek aitzakiatzat hartu behar ditugunik. Errealitatea alde batera utzi gabe, uste dut ez dela nahikoa argudio hara garaituta joateko. Aurrerapausoa eman behar duten jokalari asko gazteak izan arren, gehiago izatea nahi dugun talde bat daukagu".

Lehoiek Kanariar Uharteetara bidaiatuko dute berriro, "aurkari deseroso bati aurre egiteko, ohituta baitago mota horretako zelaietan eskarmentu handiko jokalariekin lehiatzen. Haiek aldakorrak, oldarkorrak eta handiak dira. 90 minutuetan lehiatzen jakin eta uneren batean Granadillaren zelaian irabazi beharko dugu. Agian, taldea hain puntu premian dagoenean, hori lortzeko une ezin hobea izan daiteke. Uste dut egoerari buelta ematen hastea ahalbidetuko ligukela. Bi partida ditugu astebetean, etxetik kanpo. Sei puntu lortuko bagenitu, sekulako bultzada emango liguke posizioak igotzeko eta lehiaketan solteago egon ahal izateko".

Iraiak 17 urtez azpiko Munduko Txapelketako lau txapeldunak zoriontzea ere gogoratu zuen (Jone Amezaga, Sara Ortega, Marina Artero eta Eunate Astralaga): "Azken neurketa hauek ezin izan dugu Jone eta Sararekin jokatu eta guretzat garrantzitsuak izaten ari ziren. Gure talentua zaintzen jarraitu behar dugu, asko baita klubean. Lezaman ditugun baliabide guztiekin lan egiteko gai bagara, bizpahiru urteren buruan plantilla honek oso gauza politak egin ditzake. Ea jokalari horiek Athleticen arrakasta izan nahi duten".