
Partida Aurrekoa: Girona FC - Athletic Club (LaLiga 13. J)
Partida Aurrekoa: Girona FC - Athletic Club (LaLiga 13. J)
Lehoiek Villarreal CF San Mamesen mendean hartu ondoren, LaLigako beste jardunaldi bat jokatuko dute gaur, etxetik kanpo sentsazio onei jarraipena emateko asmoarekin
Gaur gauean Girona FC-k eta Athletic Clubek LaLigako 13. jardunaldiari hasiera emango diote. 21:00etatik aurrera, Montiliviko futbol zelaian, bi taldeek partida erakargarri batean neurtuko dituzte indarrak; izan ere, biek joko azkarra eta aurkariaren arean aukera ugari sortzen dituzten jokalariak dituzte. San Mamesen bigarren zati bikaina jokatuta Villarreal CF mendean hartu ondoren, etxetik kanpo sasoi ona berresten eta hiru puntuak lortzen saiatuko dira. Ernesto Valverderen mutilek Lehen Mailara igo berria den talde bat izango dute aurrean, gaur egun jaitsiera postuak atzean uzteko borrokan ari dena, baina horregatik ez da neurketa erraza aurreikusten. Girona FC taldeak edozein aurkari estu hartzeko moduko jokalariak ditu.
Deialdia
Teknikari zuri-gorriak honako zerrenda hau osatu du talde kataluniarraren aurka lehiatzeko. Dani Garciak eta Iker Muniainek sendatze-prozesuekin jarraitzen dute eta ezin izango dute Gironara bidaiatu LaLigako hamahirugarren jardunaldia jokatzeko. Bestalde, Ander Herrera bajen zerrendara batu da eta ez da espedizioaren parte izango.
Valverde
Girona FC eta Athletic Cluben arteko partidaren aurretik, errepasatu hemen osorik Ernesto Valverderen adierazpenak.
Aurkaria
1930eko uztailaren 23an sortu zen, eta lehen aldiz Girona FC taldeak 2017/18 denboraldian jokatu zuen Lehen Mailan. 1970az geroztik, Montilivin aritzen da etxeko talde gisa, 13.320 ikuslerentzako edukiera duen zelaia. 2017ko abuztuaren 23an, City Football Groupek eta Girona Football Groupek erosi zuten taldea, eta, beraz, gaur egun, Manchester City edo New York City FC osatzen duten taldeetako kide bat da, besteak beste.
LaLigako debutaren urte berean, 40 punturekin Kataluniako taldea Lehen Mailako historiako debutaririk onena izan zen 27. jardunaldian eta denboraldi amaieran, 51 punturekin, LaLigan debutatu zuen bigarren talde onena bilakatu zen. 2018/19 denboraldian Girona FC Errege Kopako final-laurdenetara sartu zen lehen aldiz, baina Real Madridek kanporatu zuen. Urte horretan bertan, Bigarren Mailara jaitsi zen eta bi urteren ondoren, joan den denboraldian play off sutsu batean Lehen Mailara itzultzea lortu zuen.
Kataluniako taldea garaipenaren beharrarekin iritsiko da gaurko partidara. Jaitsiera postuetatik kanpo mantendu arren, orain arte hamar puntu besterik ezin izan ditu eskuratu eta Cadiz CF eta Sevilla FC taldeekin berdinduta dago. Gainera, LaLigako azken bost neurketetan ezin izan ditu hiru puntuak batu. Bere azken erregistroek hiru berdinketa eta bi porrot erakusten dituzte. Emaitza engainagarriak izan daitezke: berdinketak Real Madrid, CA Osasuna eta Cadiz CF taldeen aurka lortu baitituzte eta porrotak, berriz, UD Almeria eta Atletico Madrilen aurka izan dira. Partida horietan guztietan, Michelek zuzentzen duen taldeak hiru puntuak lortzeko benetako aukerak izan ditu.
Estatistikak
Girona FC eta Athletic Cluben arteko norgehiagokak futbolaren aro modernoan hasi ziren; izan ere, LaLigan jokatu zuten lehen lehia 2017/18 denboraldian izan zen. Bi taldeek lau partida jokatu dituzte guztira, eta lehoiek balantze positiboa izan dute: hiru garaipen eta porrot bat.
Bestalde, Montilivin jokatutako partidak bi baino ez dira, eta balantza orekatuta dago: garaipen bat talde bakoitzarentzat.
Hain zuzen ere, honako hauek izan dira bi taldeek Katalunian jokatu dituzten bi partidetan lortutako emaitzak:
Kontsultatu Girona FCren aurkako estatistika guztiak.
Athletic zaleak munduan zehar
Zauden tokian zaudela, ziurtatu zaitez gure Athleticen partida ez galtzeaz.
Erlazionatutako partidak
Girona FC - Athletic Club

