Bolada ona luzatzera San Mameseko derbian

Bolada ona luzatzera San Mameseko derbian

Etxetik kanpo bi garaipen jarraian lortu ondoren, Iraia Iturregik zuzentzen duen taldeak moralez gainezka hartuko du Reala Katedralean

Derbi handia Athleticen eta Realaren artean San Mameseko zelai paregabean biziko dena, zelaiaren kanpoko zabaldegian zein barruko jai-giroak markatuko duen jardunaldian.

Zuri-gorriak bederatzigarren postuan daude sailkapenean, eta azken bi neurketak irabazi eta gero, moral handiarekin ekingo diote partida honi. Biak etxetik kanpo izan ziren; alde batetik, Granadillaren aurka Tenerifen, aurreko zazpi neurketetan punturik lortu ez den zelaian, eta bestetik, aurten maila ona erakusten ari den Valencia CFren aurka. Iraia Iturregik Yulema Corres eta Naroa Uriarte berreskuratuko ditu, baina Irene Oguiza erdilariak ez du jokatzerik izango lesio bat dela medio. Bestalde, talde txuri-urdina, seigarrena sailkapenean Athleticek baino hiru puntu gehiagoz, ezustean harrapatu zuen aurreko jardunaldian Madrid CFF taldeak, Zubietan 0-2 irabazita.

Athleticen eta Realaren artean, guztira Ligako 18 neurketa jokatu dira Lezaman edo San Mamesen, eta balantzea oso ona da lehoientzat: 14 garaipen, bi berdinketa eta beste hainbeste porrot, horietako azkena iaz 0-1eko emaitzaz San Mamesen, zuri-gorriek lau garaipen jarraian kateatu ondoren etxean, guztiak 2-1eko emaitza beragatik. Partida 20:00etan hasiko da.

22 lehoiez osatutako deialdia: Mariasun Quiñones, Amaia Peña, Naia Landaluze, Naroa Uriarte, Oihane Valdezate, Nekane Díez, Marta Unzué, Yulema Corres, Leyre Monente, Oihane Hernández, Eunate Arraiza, Clara Pinedo, Ane Azkona, Nerea Nevado, Itxaso Uriarte, Mariana Cerro, Paula Arana, Bibiane Schulze, Ainize Barea 'Peke', Ane Elexpuru, Sara Ortega eta Jone Amezaga.