"Ahal dudan guztia egingo dut taldeari golarekin laguntzeko"

"Ahal dudan guztia egingo dut taldeari golarekin laguntzeko"

Gorka Guruzetak azaldu duenez, taldea denboraldi aurre berezi honetan lanean ari da, "zenbait alderdi hobetzeko eta zuzentzeko, hurrengo partida ofizialei sentsazio onenarekin aurre egiteko"

Munduko Txapelketako etenaldiak behartutako oporraldi laburretatik itzuli ondoren, Athletic Club dagoeneko lanean ari da lehiaketara ahalik eta egoera onean itzultzeko. Komunikabideen aurrean agertu den Gorka Guruzetak ezin izan du bere zoriona ezkutatu gauzatu duen denboraldi hasieraren inguruan hitz egin duenean: "Jokatu ditudan minutuetarako gol asko sartu ditut. Egia esan, hasiera ez nuen horrela imajinatu, eta oso pozik nago. Aurrelariak goletik bizi gara, beraz, ahal dudan guztia egingo dut taldeari golegile gisa laguntzeko. Oraingoz, betetzen ari naiz eta, horregatik, oso pozik nago".

Mundialaren etenaldiak bere bolada goleatzailean eraginik izan ote dezakeen galdetuta, Guruzetak argi hitz egin du: "Egia da gustatuko zitzaidala San Mamesen azken partida jokatu ondoren denboraldiak aurrera jarraitzea, baina orain denboraldiaurreko hainbat neurketa ditugu, berriro ere tonuan jartzeko eta bolada onari jarraipena emateko. Ikusiko dugu nola gertatzen diren norgehiagoka eta entrenamendu hauek, ahalik eta lan gehien egiten jarraitu behar dut Valverderen konfiantza izaten jarrai dezan".

Hain zuzen ere, horixe da talde zuri-gorriak egunotan egiten ari den 'mini-stage'-ari buruz azaldu duena: "Zerbait berria da guretzat, baina abenduaren 20ra arte daukagu gure mailarik onenera itzultzeko. Lagunarteko guztiak aprobetxatu behar ditugu zenbait alderdi hobetzeko eta zuzentzeko, hurrengo partida ofizialak sentsaziorik onenarekin lehiatzeko. Lau partida geratzen zaizkigu lehen itzulia amaitzeko eta ahalik eta posturik onenean amaitu nahi dugu".