Lehoiek urteko azken partida jokatuko dute Lezaman

Lehoiek urteko azken partida jokatuko dute Lezaman

Athletic Clubek Madrid CFF hartuko du larunbat honetan 16 :00etatik aurrera Villarreal CF taldeari irabazi ostean

Liga F-ko 11. jardunaldia Athletic Clubek Lezaman 2022an jokatuko duen azkena izango da. Abenduaren 3an, larunbata, 16:00etatik aurrera, lehoiek Madrid CFF taldea jasoko dute Lezaman. Zuri-gorriek garaipen bakarra lortu dute etxean denboraldi honetan, lehen jardunaldian batu zituzten hiru puntuak, Sporting Huelvari irabazita. Iraia Iturregiren taldeak errendimendu hobea erakutsi du sasoi hasiera honetan. Are gehiago, Lezamatik urrun lau jardunaldi daramatza galdu gabe eta hiru garaipen jarraian. Azkena joan den larunbatean Vilarreal CF-ren aurka, 1-6. Biharko partidarako zuri-gorriei hauspoa ematen dien jipoia.

Madrid CFF Athleticen gainetik dago sailkapenean. Madrildarrak, 19 punturekin, sailkapenean seigarren postuan kokatuta dauden bitartean, 13rekin lehoiak zortzigarrenak dira. Maria Pryk zuzentzen duen taldeari irabazteak sailkapenaren goiko postuetan dauden taldeekin aldea murriztea suposatuko luke eta, jakina, Lezama gotorleku bihurtuko litzateke denboraldiaren amaierarako. Izan ere, FC Barcelona, Real Madrid, Atletico Madrid eta Reala bezalako talde indartsuak dagoeneko instalazio zuri-gorrietatik igaro dira.

Ligan bi porrot jarraian jaso dituen Madrid CFF taldea Erreginaren Kopako final-zortzirenetan lehoien aurka neurtuko ditu indarrak. Kontuan izan behar da oso talde bertikala dela, Racheal Kundananji, 7 golekin, bere arrisku handienetako bat da. Zambiako jokalari internazionala Liga F-ko jokalari azkarrenetakoa da.

Aurrekaririk berriena joan den udan izan zen, denboraldi aurrean. Alcorconeko lehia oso bizia izan zen eta garaipenarekin bukatu zuen Athleticen alde (1-2). Gainera, Lezaman jokatu diren aurreko ligako neurketei helduz gero, talde zuri-gorria jokatutako bost norgehiagoketatik lautan nagusitu da. Helburua etxean bigarren garaipena lortzea da, erregulartasunak bultzatuta azken bi asteetan Sevillara (Real Betis, abenduaren 11n eta Sevilla FC, abenduaren 17an) irmo joateko.