Benito Villamarin, berriro kanpoan irabazteko agertokia

Benito Villamarin, berriro kanpoan irabazteko agertokia

Athleticek Betisen zelaian jokatuko du igandean 16:00etan, etxetik kanpo laugarren garaipena jarraian lortzeko asmoarekin

Athletic Clubek eta Real Betisek elkarren aurka lehiatuko dira igande honetan Liga F-ko 12. jardunaldian lehoiek Benito Villamarinen jokatuko duten partidan. Lehen aldiz, emakumezkoen talde zuri-gorriak norgehiagoka ofiziala jokatuko du Betisen zelai handian. Iraia Iturregiren taldeak laugarren garaipena jarraian eskuratu nahi du Lezamatik urrun. Neurketa 16:00etan hasiko da (Gol TV) eta 2022ko azken aurrekoa izango da.

Bi taldeak porrot batekin helduko dira, biek galdu baitzuten etxean azken jardunaldian. Real Betisek jipoia jaso zuen Levante UD taldearen aurka (0-7) eta Athleticek 0-2 galdu zuen Lezaman. Denboraldi honetan erregulartasuna eskuratu ez duten bi talde nor baino nor gehiago arituko dira igandean. Talde zuri-gorria, 13 punturekin, zortzigarren postuan dago kokatuta, eta Francis Diazek zuzentzen duen taldea 10 punturekin hamabigarrena da. Andaluziarrek Benito Villamarinen irabaztea lortzen badute, Athleticekin berdinduko lukete sailkapen nagusian.

Denboraldi honetan entrenatzailea aldatzeaz gain, talde andaluziarrak hainbat fitxaketa egin ditu. Ez ditu Andrea Medina, Eva Llamas edo Mari Paz bezalako jokalari garrantzitsuak, baina Atletico de Madrideko Carmen Alvarez, Natalia Montilla edo Babajide fitxatu ditu. Jokalari horiek guztiek beti arriskutsua den Angela Sosarekin bat egin eta talde bizia osatzen dute. Pasa den denboraldian, Athletic Clubek porrota jaso zuen Luis de Sol Kirol Hirian (4-2), lehen zatian eginiko jokoak eta geldikako baloiak lehoiak kondenatu zituen. Lezaman talde betikoaren aurkako neurketen balantzea ona den arren, egia da 2017-2018 ikasturteko neurketa izan zela Sevillan erdietsi zen azken garaipena. Ikusi egin beharko da lehoiak etxetik kanpo erakusten ari diren erregulartasunak eta sendotasunak bere horretan jarraitzen duen urteko azken aurreko norgehiako honetan.