Athletic Club eta Chivas, Gernikako Arbolaren sustraiei lotuta

Athletic Club eta Chivas, Gernikako Arbolaren sustraiei lotuta

Bi klubetako ordezkariek Bizkaiko Batzar Nagusiak, Gernikako Udala eta Jai Alai bisitatu dituzte

Athletic Clubek eta Guadalajarako Chivasek Gernikako Juntetxea bisitatu dute larunbat arratsalde honetan, emozioz eta sinbolismoz betetako ekitaldi batean. Bihar San Mamesen jokatuko duten joaneko partidan bi taldeek lehian jarriko duten garaikurrari izena ematen dion Zuhaitzean oroimenean gordetzeko argazkia atera dute. Bizkaiko eta Mexikoko taldeen delegazioa Batzar Nagusietan Ana Otadui presidenteak jaso ditu. Filosofia, koloreekiko maitasuna eta lurreko jokalariekin erronkak aurrera eramateko grina. Horiek izan dira arratsalde eder honetan Gernikan errepikatu diren hitzak.

Athletic Cluben izenean, Iker Muniain lehen taldeko kapitaina, Asier Villalibre eta Oier Zarraga taldekideak, Jon Ruigomez presidenteordea eta Goizalde Santamarina, Ibon Naberan eta Jon Salinas zuzendariak izan dira ekitaldian. Chivas taldetik, Amaury Vergara presidentea izan da buru, senide askorekin eta Mikel Arriola Mexikoko Ligako presidentearekin batera. Jesus Sanchez Chivaseko kapitaina eta Antonio Rodriguez eta Marioni Han taldekideak ere bertan izan dira.

Batzar-etxera joan ondoren, udaletxetik igaro dira, eta Jose Maria Gorroño alkateak margolan bat oparitu die.

Azkenik, delegazioak herriko Jai Alai pilotalekura joan dira zesta-punta erakustaldiaz gozatzeko. Mikel Arriola pilotari ohiak aspaldiko garaiak gogoratu ditu eta bi ordezkaritzek saskiarekin jaso dituzte ikastaroak.

Athleticek eta Chivasek Gernikako Arbola Sariaren joaneko partida jokatuko dute bihar (19:00etan) San Mamesen. Itzulerako partida uztailaren 16an izango da, Guadalajarako Akron Estadioan.