Ortega, Amezaga, Elexpuru eta Zubieta 2022ko debutariak

Ortega, Amezaga, Elexpuru eta Zubieta 2022ko debutariak

Lau jokalari hauek egin dute debuta aurten Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldean

Lezamako harrobi oparoak balio izan du 2022an Athletic Clubeko beheko mailetan aritutako hainbat jokalari lehen taldera iritsi direla ikusteko. Urte natural honetan, lau jokalari berrik Liga F berrian lehiatu dute elastiko zuri-gorriarekin. Une berezi horietako bakoitza errepasatuko dugu:

Sara Ortegak eta Jone Amezagak amestutako debutak bizi izan zituzten. Biak ala biak oraindik adingabeak, Athletic Clubeko emakumezkoen lehen taldearen estreinako neurketan gola egiteko gai izan ziren. Debutatzen lehena, 16 urte eskasekin, Sara Ortega izan zen, 109. debutaria, 2022ko urtarrilaren 26an. Kopako partida batean egin zuen, Torrelavegan, Rácing Femeniasen aurka. Harrobiko jokalariak Ane Azkona ordezkatu zuen eta guztira 20 minutu jokatu zituen, golegile bezala estreinatzeko denbora nahikoa.

Bide beretik, 2022ko irailaren 18an, Jone Amezagak gauza bera egin zuen Liga F 2022-23 denboraldi berriko lehen jardunaldian. Sporting de Huelvaren aurkako partidan Sara Ortegarekin batera hasierako hamaikakoan aritu zen eta Zallakoak 50 segundo baino ez zituen behar izan Athleticekin bere lehen gola egiteko. Bi jokalari hauek, gazteak izan arren, Iraia Iturregiren proiektuaren ardatz bihurtzen ari dira, eta askotan parte hartzen ari dira taldearen hasierako hamaikakoan ikasturte honetan.

Geroago, Lezaman eta Real Madril bezalako talde baten aurrean ere, Ane Elexpuruk bere ametsa bete zuen, beti zale izan den taldearekin lehen minutuak jokatzea. Emaitza txarra izan arren, 2022ko urriaren 2a ahazteko egun zaila izango da jokalari zuri-gorri gaztearentzat; izan ere, hasieratik zelairatu zen eta 60 minutu jokatu zituen emakumezkoen taldeak Lezaman jokatu zuen lehen partidatik 20 urte betetzen ziren egunean.

Azkenik, Maite Zubieta 2022ko abenduaren 3an agertu zen lehen aldiz profesionaletan, Madrid CFF taldearen aurka. Busturiako erdilariak Lezamako berdegunean sartu zen madrildarraren kontrako partidako azken minutuetan.

Horrela, lau lehoi berriek oroitzapenerako urte bat bizi izan dute, guztiek nazioarteko tituluak ere lortu baitituzte 2022an. Emakumezkoen futboleko maila nagusietan hiru talde daudenez, Athletic Cluben oraina oso polita da eta, datorrena ikusita, etorkizuna bermatuta dago.