Lehoiek Madrilen hasiko dute Kopako bidea

Lehoiek Madrilen hasiko dute Kopako bidea

Athletic Clubek Madrid CFF taldearen aurka jokatuko du gaur arratsaldean Fuenlabradako Fernando Torres zelaian final-laudenetarako txartelaren bila

Kanporaketa partida bakarrera izango da eta gaur jokatuko da Fuenlabradako Fernando Torres futbol zelaian, 20:00etatik aurrera. Erreginaren Kopako final-zortzirenetan Athletic Clubek eta Madrid CFFk hirugarren aldiz neurtuko dituzte indarrak denboraldi honetan. Lehen norgehiagoka lagunartekoa izan zen denboraldiaurrean, eta ligan, puntuak jokoan zeudelarik, Madrilgo taldeak 0-2 irabazi zuen Lezaman abenduaren 3an.

Gaurko neurketa lehoientzat ezezaguna den zelai batean izango da. Belar naturala daukan Fernando Torresek Madrid CFF taldearen partidak hartzen ari da aurten. Ligan, Maria Pryk zuzentzen duen taldeak (orain ez dago aulkian, ama izan berri baita) bi porrot jaso ditu jarraian (Levanteren eta Real Madriden aurka), baina, hala ere, 25 punturekin bosgarren postuan jarraitzen du. Bestalde, zuri-gorriek ondo ekin diote 2023ari, igandean Lezaman Levante Las Planasi justiziaz gailenduta.

Horrela, abenduko aurrekariak asko markatzen ditu Kopako kanporaketaren gakoak. Norgehiagoka hartan, Kundananjik bi gol sartu zituen bere abiadura baliatuz. Athleticek ezin izan zuen Zambiako aurrelaria geldiarazi. Afrikarra da bere erreferentzia nagusia, baina ez bakarra. Jokalari atzerritar gehienak dituen talde batean, Chanda edo Lucia Pardo bezalako jokalariak oso kontuan hartzekoak dira ere. Kanporaketa luzapenera edota penaltietara joan daiteke eta bi taldeek  final-laurdenetan sartzea bilatuko dute.

Athleticek, aurreko denboraldian Sevilla FCren aurka final-zortzirenetan galdu ondoren, aurrerapausoak eman nahi ditu inoiz irabazi ez duen titulua lortzeko borrokan. 2014tik, Ceutan, ez du final bat jokatzen. Kopa hark ere ihes egin zien zuri-gorriei FC Barcelonak irabazi zuen penaltien txanda mingarri baten ondoren. Gaurko hitzorduan lehoiek anbizioa eta ilusioa erakutsi behar dute, igandean Murtzian Alhama CFren aurka jokatuko baino lehen.