"Emozioa eta intentsitatea nagusi izango dira, hori ziur"

"Emozioa eta intentsitatea nagusi izango dira, hori ziur"

Ernesto Valverdek Real Sociedadek eta Athleticek Reale Arenan jokatuko duten derbia aztertu du, "bihotza topera" doan partidaren atarian

Ernesto Valverde komunikabideen aurrean agertu da Real Sociedadek eta Athleticek derbian indarrak neurtu eta 24 ordura. Entrenatzaile zuri-gorriak, hitzordua hasteko gogoz, argi du: "Partida berezia da, jokatzeko polita. Garrantzitsua da denontzat, haientzat eta guretzat. Asko esan nahi du. Bihotza topera doa neurketa hauetan, intentsitate handikoak dira eta zaleentzat garrantzitsuak dira ere. Partida ona egiten saiatuko gara. Bi taldeak une onean gaude". 

Lehoiak joko ona egiten ari dira azken partidetan eta ez dute golik jaso LaLigako azken hiru norgehiagoketan. Valverdek biharko (21:00etan) neurketan sentsazio onak mantentzea espero du: "Ondo ari gara jokatzen eta partida onak burutzen. Lehenbailehen lehiatzeko gogoa dugu. Partida luze eta bizia izango da. Maila handiko jokalariak daude eta gustatuko litzaidake hori berdegunean ikustea. Dena jarriko dugu irabazteko".

'Txingurri' izan zen Donostian garaipena lortu zuen azken teknikaria, gaur egun Europako postuengatik aurkari zuzena den arerio baten aurka: "Han irabaztea beti da zaila, lehia handia izaten da partida horietan. Osagai emozional indartsu bat dago eta horrekin jokatzen jakin behar da. Aurkari garrantzitsua da den partidagatik, baina baita Real Sociedad sailkapenean duen postuagatik ere. Ez da erraza izango, baina han irabazteko asmoa dugu".