"Orain partida guztiak dira garrantzitsuak"

"Orain partida guztiak dira garrantzitsuak"

Denboraldiko une erabakigarri batean daudela uste du Valverdek eta bere ustez "fidagarriak gara, baina gehiago asmatu behar dugu"

Athletic Clubek Real Madrid CF taldearen aurka neurtuko ditu indarrak bihar, 21:00etatik aurrera, LaLigako hemezortzigarren jardunaldian eta Ernesto Valverdek bere iritziak eman ditu: "Gogotsu gaude eta orain partida guztiek nolabaiteko garrantzia hartzen dute, arerio gogorrekin gainera. Hau horietako bat da, LaLigako klasiko bat. Guretzat beti da proba bat Real Madriden aurka jokatzea, eta baita beraientzat ere, badakitelako San Mamesen jokatzea zaila dela. Giro desberdina nabari da horrelako neurketetan. Aldagelan ez ezik, zaleen artean ere norgehiagoka berezia da".

Entrenatzaile zuri-gorriak aurkari gogorra izango dutela aurrean azpimarratu du: "Argi dago, FC Barcelonarekin batera, etxetik kanpo puntu gehien lortu dituen taldeari aurre egingo diogula. Une honetan golegile nagusia da, baita etxetik kanpo ere, eta bere erasoko jokaldien kalitatea oso altua da, eraginkortasun handikoa. Kontuan izan behar dugu. Edozein partida irabazteko adina argudio ditu, baita garaipena gertu daukazunean ere. Beraz, ezin zara erlaxatu".

Talde zuriari aurre egiten saiatzeko, Valverdek bere mutilek egin behar dutena azpimarratu du: "Gu tematiak gara. Zelaian dena emango dugu, eta uste dut gure maila ona izan dela orain arte. Fidagarriak gara, baina gehiago asmatu behar dugu erasoan eta defentsan".

Bestalde, entrenatzaile zuri-gorriak Kopako final-laurdenetako zozketa baloratu du. Lehoiek Valencia CF taldeari bisita egingo diote Mestallan: "Kopako finalista izan zen iaz. San Mamesen euren aurka jokatu dugu eta badakigu zer nolako zailtasunak izan genituen irabazteko. Alai jokatzen duen taldea da, aurrerantz doa eta jokalari garrantzitsuak ditu erasoan, eta aurten beste joko-proposamen bat du. Orain gure azpitik dago LaLigako sailkapenean, baina hori ez da esanguratsua. Kanporaketa parekatua eta zaila da biontzat. Beraiek etxean jokatzearen abantaila dute. Iragan denboraldiko finalerdia errepikatuko da partida bakarrera. Irabaztera joan behar dugu behin betikoa delako".