Sustraien ispilu den saria

Sustraien ispilu den saria

Athletic Clubeko aurrelaria, Bilbon jaioa, Iruñean hazia eta guraso ghanarrak dituena, denboraldi erdiko LaLigako MVP Afrika izendatu dute

Iñaki Williams LaLigako MVP Afrika izendatu dute denboraldiko lehen erdian. Athletic Clubeko aurrelariak zaletuen bozketa publiko baten eta Afrikako kirol kazetari ospetsuek bidalitako botoen ostean jaso du saria.

Iñaki, Bilbon jaioa eta guraso ghanarrak dituena, gaztetan iritsi zen Lezamara, Iruñean futbolean lehen urratsak eman ondoren. 2014/15 denboraldian egin zuen debuta lehen taldean, Ernesto Valverderen eskutik, eta ordutik 362 partida jokatu ditu guztira elitean Athleticen elastikoarekin, 80 gol sartu dituelarik.

Duela gutxi amaitu du LaLigan elkarren segidan jokatu dituen partiden bolada. 251 partida jarraian jokatu ditu, 2016ko apiriletik hitzordu bakarrean ere huts egin gabe. Hurrengoa Juan Larrañaga (Realeko jokalari ohia) da, 202 partidarekin.

Gainera, Iñaki Williamsek azken mundialean parte hartu du Ghanako selekzioarekin, bere gurasoen eta aitona-amonen sorterriarekin. Aurrelari zuri-gorriak Ghanako Black Star selekzioarekin ofizialki parte hartu duen lehen aldia izan zen.

Bigarren denboraldia da LaLigak sari hau ematen diena Afrikako kontinentearekin lotura duten jokalari nabarmenenei. Edizio honetan, Williams Yassine Bono, Reinildo Mandava, Joseph Aidoo, Pathé Ciss, Nicolas Jackson, Youssouff Sabaly eta Djené Dakonam bezalako jokalariei gailendu zaie.