Ernesto Valverdek Athletic Clubekin duen kontratua berritu du

Ernesto Valverdek Athletic Clubekin duen kontratua berritu du

Teknikariak urte batez luzatu du proiektu zuri-gorriarekin duen konpromisoa, 2024ko ekainaren 30era arte

Ernesto Valverdek, aulki zuri-gorrian partida gehien zuzendu dituen entrenatzaileak (332), historia egiten jarraituko du Athletic Cluben. Gasteiztarra akordio batera iritsi da Klubarekin lehoien kirol proiektuaren parte izaten jarraitzeko. Horrela, bere zortzigarren denboraldia beteko du Lezaman, konpromisoa 2024ko ekainaren 30era arte izango baitu.

Valverdek Europako bost sailkapen lortu ditu sei denboralditan, horietako bat Txapeldunen Ligarako, eta bere palmaresean Superkopa bat du (2015). Aurten zazpigarren postuan sailkatua du taldea LaLigan eta Kopako finala bi partidetara du, CA Osasunaren aurka jokatuko baitu finalerdia. Gauzak horrela, bi aldeak ziur daude beste urrats bat eman dezaketela, orainaren eta etorkizunaren inguruko konbentzimenduaren erakusgarri.

Klubeko hedabide ofizialei egindako adierazpenetan, entrenatzaile zuri-gorria pozik agertu da aulkiaren buru izaten jarraitu ahal izateagatik: "Niretzat harro egoteko arrazoia da Klubak beste urtebetez Athleticen buru izateko pertsona aproposa naizela pentsatzea. Oso eroso ari naiz lanean taldearekin, eta hobetzeko aukerak ditugula ikusten dut. Gure zaleak zoriontsu egiten saiatuko naiz".

Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentea ere alai dago akordio honetara iristeagatik: "Ernesto da guretzat entrenatzailerik onena. Urrats honek egonkortasun handia ematen digu eta datorren denboraldia aldez aurretik presta dezakegu. Kirol proiektuaren zutabe estrategikoetako bat ziurtatzen dugu".

Berritzearen inguruko balorazioa egingo du partiden aurreko ohiko prentsaurrekoan egingo du Valverdek hedabideentzat. Agerraldia biharko dago hitzartuta, 15:00etan Lezaman.