Athletic, datuen analitika aurreratuaren abangoardian S3Globalekin batera

Athletic, datuen analitika aurreratuaren abangoardian S3Globalekin batera

Kirol errendimenduaren analisian konpainia estatubatuarraren Adimen Artifiziala aplikatzen duen munduko lehen futbol taldea izango da

Athletic Clubek akordioa lortu du S3Global enpresarekin, Ordenagailu bidezko Ikusmenaren eta Adimen Artifizialaren teknologiaren bidez kirol datuen analitika aurreratuan espezializatutako enpresa estatubatuarrarekin.

S3Globalen egoitza nagusia Seattlen dago, eta Jeff Alger Microsofteko ingeniari senior ohiak eta Laurence Leydierek zuzentzen dute. Ordenagailu bidezko Ikusmenaren eta Adimen Artifizialaren bidez mugimenduaren eta kirol-errendimenduaren zientzian aitzindaria da enpresa, eta haren teknologiaren helburuak entrenatzaileak eta kirol-arduradunak ahalduntzea eta etorkizuneko erabakiak hartzen laguntzea dira.

"Oso akordio garrantzitsua da Athletic Clubentzat, harrobiko gure jokalariak garatzen eta lehen taldeko gure jokalarien errendimendua maximizatzen lagunduko baitu", adierazi du Jon Uriartek sinadura ekitaldian.

Presidente zuri-gorriak gaineratu duenez, "akordioak Athletic futbolaren industriako aurrerapen teknologikoen abangoardian jarriko du".

Bestalde, Laurence Leydierrek azaldu du S3Globalen esperientziak mesede egin diezaiokeela Athletici zelaian bertan eta kanpoan: "Athletic Club aukera ezin hobea zen hasteko. Klub paregabea da, euskal jokalariak bakarrik baititu. Gainera, kluba ezaguna da futbolean teknologiaren abangoardian dagoelako, eta hori garrantzitsua zen guretzat".

Leyderrek ere nabarmendu du "jokalari batek egiten eta pentsatzen duen guztia atzeman dezakegula, bere taldekideekin eta aurkariekin gertatzen denari dagokionez, eta 3Dn islatu. Gainera, aurrerantzean, teknologia honek jarraitzaileei esperientzia erakargarriagoak eta entretenigarriagoak eskaintzen ere lagunduko du".

Akordio hau erakundea egiten ari den eraldaketa-prozesuaren barnean kokatzen da eta Athletic Club teknologia disruptibo eta abangoardiako hau aplikatzen duen munduko lehen futbol-taldea bihurtuko du. Testuinguru honetan, Klubak German Garitaonaindia izendatu du berriki Chief Data Officer (CDO) gisa, erakundearen dimentsio guztietan datu-estrategia definitzea eta ezartzea helburu duena.