Beteranoek Laudioko Altzarrate zelaia "inauguratu" dute

Beteranoek Laudioko Altzarrate zelaia "inauguratu" dute

Athletic Clubeko eta CD Laudioko jokalari ohiek elkarren aurka jokatu zuten San Martin zelai zaharreko izen aldaketa ospatzeko

Laudio Kirol Klubeko eta Athletic Clubeko beteranoek joan den larunbatean ospatu zuten Laudioko San Martin zelaiaren izen aldaketa, Altzarrate izena hartuko duena, gaur egungo tenplutik ez oso urrun futbol-loria uneak bizi izan zituenaren oroimenez.

Peña Athletic Laudioko Zaleak, Altzarrate KE, CD Laudio eta Laudioko Udalak antolaturiko ekitaldia festa giroko eguna bilakatu zen. Izen berriarekin eta ohiko aurreskuarekin inauguratu ondoren, publikoak 'Zorionak zuri' abestu zion martxoaren 1ean 80 urte beteko dituen Jose Angel Iribarri. Ohorezko sakea Arkaitz Eskuza pilotari laudioarrak egin zuen.

Jon Perez Bolo, Javi Gonzalez, Raul Guerrero, Mikel Agirregomezcorta eta Asier Ormazabalen bi golei esker 0 eta 6 irabazi zuten lehoi ohiek. Bitxikeri gisa, CD Laudion bi taldeetako beterano batek jokatu zuen, Pablo Paredesek, Athleticekin Intertotoan debuta egin zuena, Ecomax Clujen aurka (2005/06 denboraldian).