Clara Pinedok 2026ra arte berritu du
Clara Pinedok 2026ra arte berritu du
Erdilari bilbotarrak, aurten bost gol sartu dituenak, beste hiru denboraldiz luzatu du Athleticekin zuen kontratua
Athletic Clubek eta Clara Pinedok (19 urte) akordioa sinatu dute Munduko eta Europako behe-mailako txapeldunaren kontratua hiru denboraldiz luzatzeko, 2026ko ekainaren 30era arte, 2027ra arte luzatzeko aukerarekin. Jon Uriarte presidenteak, Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiak eta Xabi Arrieta Emakumezkoen saileko kirol-zuzendariak lagundu diote sinatze-ekitaldian, San Mamesen.
Erdilaria 2019-20 denboraldian iritsi zen Bizkerre FT taldetik Lezamara, eta Iraia Iturregirentzat funtsezko jokalaria izan da. Lau gol sartu ditu Liga F-n eta bat Kopan, Madril CFF-ren aurka final-laurdenetarako txartela lortu zutenean.
Lehoi gisa debuta 2021eko ekainaren 6an egin zuen, Levante UD taldearen aurka, Buñolen. Hurrengo denboraldian, 2021-2022an, bigarren taldearen eta lehen taldearen artean uztartu zuen partaidetza, eta lehen gola Vilarreal CF-ren aurka egin zuen. Joan den udan, lehen taldeko jokalari bilakatu zen, eta 1.200 minutu baino gehiago jokatu ditu 19 partidatan, Jone Amezagarekin batera.
Iaz, merezitako igoera lortzeaz gain, 19 urtez azpiko Europako txapeldun eta 20 urtez azpiko Munduko txapeldun izan zen Espainiako selekzioarekin. Emaitza ikusgarriak Ane Elexpuru eta Maite Zubieta harrobiko kideekin partekatu zituena. Gainera, dagoeneko 23 urtez azpikoen Espainiako selekzioarekin aritu da; hain zuzen ere, Liga F-ko azken geldialdian bi partida jokatu ditu.