Bibiane Schulzek 2025era arte berritu du

Bibiane Schulzek 2025era arte berritu du

Atzealdean egonkortu ostean, erdiko atzelari zuri-gorriak beste bi denboraldiz luzatu du kontratua Athleticekin

Athletic Clubek eta Bibiane Schulze erdiko atzelari ezkerrak (24 urte) akordioa itxi dute kontratua bi denboraldiz luzatzeko, 2025eko ekainaren 30era arte. Jon Uriarte presidenteak, Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiak eta Xabi Arrieta Emakumezkoen saileko kirol zuzendariak lagundu diote kontratua sinatzeko ekitaldian, Lezaman. Denboraldi honetan Bibiane Iraia Iturregirentzat jokalari garrantzitsua izaten ari da. Horrez gain, duela gutxi Espainiako selekzio absolutuak deitu du, baina ezin izan zen joan lesionatuta zegoelako.

Bibiane 2019-20 denboraldian iritsi zen Klubera FFC Frankfurtetik bigarren taldean jokatzeko eta ordutik aurrerapausoak eman ditu lehen taldean finkatu arte. 2020ko urriaren 11n Angel Villacamparen aginduetara debutatu zuen Sevillaren aurka. Denboraldi horretan bertan, Patxo Belausteguigoitia lehoi ohiaren birbilobak lehen eta bigarren taldearekin txandakatu zituen norgehiagokak, eta hurrengo denboraldian Valencia CF taldean egon zen lagata, Lehen Mailan.

Joan den udan, bere tokia irabazi zuen denboraldiaurrean, eta Liga F-ko 17 partida (denak titular gisa eta 1.500 minututik gora) eta Kopako bat jokatu ditu. Pubalgia batek Atleticoren aurkako Ligako azken norgehiagokan jokatzea eta Jorge Vildaren aginduetara jartzeko Australiara bidaiatzea eragotzi zion.