Honey Thaljieh, martxoko enbaxadorea

Honey Thaljieh, martxoko enbaxadorea

Palestinako futbol selekzioko kapitain ohia eta sortzaileetako bat Athletic Clubeko lehen emakume enbaxadore bihurtu da genero berdintasunaren alde eta gerraren aurka egindako borrokagatik

Honey Thaljieh-k (Belen, 1984), Palestinako futbol selekzioko kapitain ohiak eta sortzaileetako batek, Jon Rahm eta Jokin Altunarekin bat egingo du eta gaurtik aurrera, Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan, Athletic Clubeko lehen emakume enbaxadorea izango da 125. urteurrenean. Honey Thaljieh-k bere intsignia jasoko du asteburu honetan eta emakumezkoen eta gizonezkoen gure lehen talden partidetara joango da, Valencia CF (igandea, 12:00, Lezama) eta FC Barcelonaren (igandea, 21:00, San Mames) aurka, hurrenez hurren.

Klubak urtarrilean Jon Rahm 125. urteurreneko 12 enbaxadoreen zerrendaburu zela iragarri zuenean, izendapen horiek arautzen zituzten irizpideak ere azaldu zituen:

“Athletic Clubek 125 urteko historian zehar bere buruarekin kontsekuente izatea lortu badu, ondoan bere jendearen babesa izan duelako izan da. Jende asko Klubaz fidatu da.

Eta Athletic Club, era berean, balio handiko pertsona askorengan inspiratu da, inoiz amore ez emateko pizgarri izan direnak. Pertsona horietako batzuk etxekoak dira; beste batzuk, urruneko lekuetakoak”.

Honey Thaljieh-k, genero berdintasunaren alde eta gerraren aurka egindako borrokari esker, ezin hobeto irudikatzen du bere bizitzan Athletic Clubek partekatzen dituen baloreak gorpuzten dituen beste enbaxadore profil hori. Sehaskako athleticzaleak izan ez arren, futbolaren munduan bakarra den gure nortasunarekiko sinpatia erakutsi duten eta Klubarentzat pizgarri izan diren pertsonak.

Gaur egun, Honey Thaljieh Palestinako Gazteria eta Kirol Kontseilu Nagusiko kide da, eta FIFAko Communications Manager (Special Projects) da. Bertan, genero-berdintasunaren, hezkuntzaren eta bakearen aldeko ekimenak lantzen ditu futbolaren bidez.

Honey Thaljieh-ren bizitza etsai bikoitz baten aurka, genero-diskriminazioa eta gerra, bere nortasunaren alde borrokatu den emakume baten istorioa da. Belengo kaleetan futbolean jokatzen hasi zen, neskato bat zela. Emakumea izateagatik eta palestinarra izateagatik aurre egin behar izan zien oztopo guztiak gorabehera, bonbardaketak, blokeoak eta era guztietako murrizketak eta penak barne, Honey Thaljieh Palestinako futbol selekzioko kapitaina izan zen. Horrela, integraziorako eta elkarbizitzarako bide bat ireki zuen kirolaren bidez, eta horri esker, Palestinan emakumezkoen futboleko 30 klub baino gehiago izatea ahalbidetu du.

Honey Thaljieh eta Athletic Cluben arteko harremana 2015ean hasi zen, Fundazioak antolatzen duen Thinking Football Film Festivaleko gonbidatuetako bat izan zenean. Futbolari palestinar ohiak Eric Cantonak aurkeztutako eta Gilles Perez eta Gilles Rof zuzendariek zuzendutako “Les rebelles du foot 2” pelikulako kapitulu bateko protagonista da. Film frantziar honek jaialdiaren III. edizioa ireki zuen eta futbolaren bidez heroi sozial bihurtuz aurrerapauso bat eman zuten bost futbolariren istorioa kontatzen du. Honey Thaljieh errebelde horietako bat da, eta gaurtik aurrera, Athletic Clubeko 125. urteurreneko lehen emakume enbaxadorea ere.