"Bihar irabazteak gure egoera asko alda dezake"

"Bihar irabazteak gure egoera asko alda dezake"

Iraia Iturregik astea biribildu nahi du Valencia CF taldearen aurka Lezaman garaipena lortuta

Iraia Iturregik bere iritziak eman ditu Klubeko hedabidetan gaur goizean Lezaman, Athletic Clubek bihar 12:00etatik aurrera Valencia CFren aurka jokatu aurretik. Lehoiek amaiera bikaina eman diezaiokete iragan larunbatean Huelvan eta ostegunean Taxoaren Osasunari Erreginaren Kopako "Lauko Finalerako" zuzeneko txartela eskuratuz gailendu zitzaizkion aste bikainari.

Biharkoa Liga F-ko 21. jardunaldiko partida izango da. Bitxia bada ere, lehen itzulian eta premia handiarekin, taldeak UD Granadillari irabazi zion lehen aldiz Tenerifen eta beste garaipen handi bat lortu zuen Valencia CF mendean hartuta (1-2). Valentziarrek entrenatzailez aldatu zuen Andrea Esteban kargutik kendu ondoren eta urtarrilaren hasieratik Jesus Olivak, klubeko emakumezkoen sekzioko kirol zuzendariak, zuzentzen du Levanteko taldea. Azken zazpi neurketetatik bost irabazi ditu, Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka soilik galduta.

Iraia Iturregik seigarren postuan, 30 punturekin, lehoiek baino 10 puntu gehiago, dagoen biharko arerioaren bertuteak azpimarratu ditu: "Ez da asko aldatu entrenatzaile aldaketarekin jokatzeko duen modua. Oso dinamika onean dator, eta emaitzek ematen dizuten konfiantza-puntu horrekin. Jokalari onak dituzte, zazpi-zortzi fitxaketa egin dituzte aurten. Sailkapeneko goiko aldean daude. Ondo jokatzen dute eta abiadura handiko jokalariak dituzte. Talde ona eta, beraz, norgehiagoka zaila espero dut".

Loiuko prestatzaileak adierazi duenez, bere taldea "sufritutako bi partida irabazi ondoren iritsiko da. Atseden gutxi izan dugu eta jokalari batzuek taldeari freskotasuna emateko minutuak izango dituzte. Hirugarren garaipena lortzen lagundu dezatela espero dut. Sei puntu gehi Kopako finalerdietarako txartela lortzeak konfiantza handia emango liguke eta, hori eginez gero, gure egoera asko aldatuko litzateke joan den astean genuenarekin alderatuta".

Iturregik ere bihar gure publikoaren aurrean irabaztearen garrantzia azpimarratu du: "Egia da datuek etxetik kanpo hobeto lehiatzen ari garela esaten dutela, baina ea partida ona egiten dugun eta garaipena lortzen dugun, ez bakarrik guretzat, baita merezi duen zale guztientzat ere".

Naia Landaluze baja izango da arazo fisikoak dituelako eta, prebentzioagatik, Orozkokoa ez da zerrendan sartuko.

Athletic Cluben deialdia: 

Jokalarien zerrenda 20 futbolarik osatzen dute: Quiñones, Amaia Peña, Valdezate, Nekane, M. Unzue, Y. Corres, Monente, Oguiza, Eunate, Pinedo, Azkona, Nerea Nevado, Itxaso, Mariana, Arana, Peke, Elexpuru, S. Ortega, M. Zubieta eta J. Amezaga.