"Sentsazio gazi-gozoarekin geratzen gara"

"Sentsazio gazi-gozoarekin geratzen gara"

Valverdek esku-hutsik amaitzea deitoratu du, baina "partida onak egitea eta irabaztea merezi izatea" ez dela nahikoa aitortu du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du San Mamesen FC Barcelonaren aurka galdu ostean. Bere ustez, zuri-gorriek lan ona egin dute: "Barça lehen sailkatu bezala heldu da eta lehen sailkatu bezala doa maila bikaina duelako. Gu lehen zatian zehar haiek estutzen saiatu gara eta gure presioa gainditzen zuten. Zaila egiten zitzaigun. Azkenean, aurreraxeago eusten saiatzen ari ginen eta, hala ere, atzera bultzatzen gintuzten. 44. minutuan leher eginda geunden, oso atzeratuta harrapatu gaituzte eta gola egin digute. Gero, minutuak aurrera egin ahala, indartsuago geunden eta berdindu ahal izan dugu. Baliogabetu diguten golaren ondoren ere aukera ezin hobea izan dugu hiru errematerekin".

Entrenatzaile zuri-gorriarentzat, bere taldea beti ondo lehiatzen da, nahiz eta oraindik asmatzen ez dutela onartu: "Partida guztiak ondo jokatzen ditugula uste dut. Egia da arazoak ditugula gure arrisku-egoerak gol bihurtzeko. Oro har, taldea ondo egon da. Hala ere, ez da nahikoa partida onak egitea eta irabaztea merezi izatea. Garaipena behar dugu eta sentsazio gazi-gozoarekin geratzen gara, talde guztien aurka ondo jokatzen eta lehiatzen ari garelako, baina sailkapenari begiratzen diogu eta garaipena behar dugu nola edo hala".