Athletic Clubeko Peñen lehen biltzarretik 50 urte

Athletic Clubeko Peñen lehen biltzarretik 50 urte

Apirilaren amaieran Zazpi Kaleetan ospatuko den XLIX Nazioarteko Biltzarraren atarian, ostiral honetan Bailenen izandako lehen edizioaren mende erdia beteko da

Alde Zaharreko Peñak Athletic Clubeko Peñen Nazioarteko XLIX Biltzarra ospatuko du apirilaren 28, 29 eta 30ean, pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren. Ostiral goizeko 10:00etatik aurrera, Burtsaren Eraikinean, parte-hartzaile guztiei harrera egingo zaie eta egiaztagiriak eta dokumentazio ofiziala emango zaizkie. Arratsaldeko 18:00etan, jai giroan, kalejira egingo da Zazpi Kaleetatik Ibaigane Jauregiraino, bertan inauguratuko baita ofizialki Biltzarra.

Hain zuzen ere, gaur, ostirala, mende erdia beteko da Bailenen peñakide zuri-gorrien lehen bilera handia egin zenetik. 1973ko martxoaren 17an izan zen, eta garai hartan, Estatuko txoko guztietatik joandako 23 peñak jai giroan bildu ziren Jaengo herriko kaleetan zehar. Apirilaren 28an gertatuko den bezala, orduan ere harrera ofiziala egin zitzaien bertaratutakoei, orduan alkatea buru zela, eta Bailengo Udal Bandarekin batera udaletxeraino.

Apirilaren 29an, larunbata, biltzarraren bigarren egunean, Alde Zaharreko Peñak Lezamara goizez bisita egitea aurreikusi du, behe-mailetako partidak ikusteko. Bitartean, egun osoan zehar jai giroa nagusituko da Zazpi Kaleetan, txistulari, fanfarre eta dantzariekin eta herri kirolen erakustaldiarekin. Arratsaldean beteranoen elkartasuneko partida eta kaleko musika emanaldiak izango dira, bertaratzen diren guztientzako afari tipikoarekin eta oparien ohiko trukearekin amaitzeko.
Igandean, hilak 30, San Mames izango da gune nagusia. Lehenik, Jose Iragorri Aretoan egingo diren lan-jardunaldiekin eta, ondoren, amaiera bikaina egingo da asteburua itxiko duen bazkariarekin eta Segoviako Barbolla herrian egingo den Nazioarteko 50. Biltzarraren antolatzaileei makila ematearekin.

1998an Athletic Clubek mendeurrena bete zuenetik, ez zen Peñen nazioarteko biltzarrik egiten Bilbon; beraz, ikusmina handia da eta giro ona ziurtatuta dago.

Bailengo lehen edizioaren inguruan

Bailengo Peñen I. Biltzarreko bilera eta eztabaidei esker, gaur egun Athletic Clubeko Peñen Federazioa denaren oinarriak jarri ahal izan ziren. Peñazaleen eskaera batzuen artean, Klubari argazkiak, banderatxoak eta intsigniak eskatzea nabarmendu zen. Halaber, elkarte zuri-gorriren bat duten herrietako jaietan Bilbao Athletic edo gazteen taldea lagunartekoa jokatzera joateko eskatu zuten.

Martxoaren 17 hartan Biltzarreko ponentziak eztabaidatzen hasi baziren, biharamunean, igandean, autobusez Los Carmenesera joatea egokitu zen. Bertan, Milorad Pavic-en Athleticek Porta, Quiles edo Paraguaiko Fernandezen (garai hartan bere lerroko bikotea zen Aguirre Suarez argentinarra ondoan ez zuen) Granadaren aurkako partida jokatzen zuen,. Dena hasi bezala amaitu zen, 0-0 batekin besterik gabeko arratsalde batean, kroniken arabera. Azpimarragarriena Jose Mari Zuluaga eskuin hegaleko atzelariaren debuta izan zen, Bilbao Athleticetik Saezen baja betetzera igotzea egokitu baitzitzaion.

Astelehenean Matias Haro Peña Baileneko presidentea izan zen Biltzarraren amaiera ekitaldiaren buru, besteak beste alkateari eta Felix Oraa Athletic Clubeko presidenteari urrezko dominak emanez. Gainera, 1974ko Biltzarraren egoitza Calahorran finkatzeko balio izan zuen ekitaldi-amaierak, bertako elkartearen Zilarrezko Ezteiekin bat egiteko.
Biltzarra ohar triste batekin amaitu zen; izan ere, Bailengo peñakide zuri-gorri baten seme gazteena istripuz hil egin zen. San Jose egunean hileta elizkizuna eta ehorzketa izan ziren, Oraa presidentea buru zuen segizioa eta hilobiratze buruan krabelin gorri eta zurizko koroa bat zituela.