Mariana Cerrok 2025era arte berritu du kontratua

Mariana Cerrok 2025era arte berritu du kontratua

Erdilari nafarrak bi denboraldi luzatu du Athleticekin duen lotura

Athletic Clubek eta Mariana Cerrok (22 urte) akordioa itxi dute futbolariaren kontratua bi denboraldiz luzatzeko, 2025eko ekainaren 30era arte. Erdilaria 2017-2018 denboraldian iritsi zen Lezamara, CA Osasunatik, CF Ardoi taldean trebatu ondoren eta ohikoa da Iraia Iturregiren hamaikakoetan.

Marianak 2021eko apirilaren 4an egin zuen debuta lehen taldearekin, Badajozeko Santa Teresaren aurka garaipena lortuta. Ordurako, bigarren taldeko kapitaina zen eta protagonismo handia izan zuen han jokatutako hiru denboralditan. Aurreko urtean, behin betiko jauzia eman zuen lehen taldera eta aurten paper garrantzitsua du Iraia entrenatzailearen eskutik, debutatzeko aukera eman zion entrenatzaileak.

Izan ere, aurten guztira 22 partidatan parte hartu du (Liga F eta Koparen artean), 1.300 minututik gora. Zelai erdian presentzia fisiko eta konpromiso handiko jokalaria da eta 39 partida jokatu ditu guztira.

Zizur Nagusiko futbolariarekin batera, Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentea eta Xabier Arrieta emakumezkoen kirol-zuzendaria izan dira. Marianak nabarmendu duenez, "Klubak nigan duen konfiantza sentitzen dut. Hemen lan egiteko modua desberdina eta berezia da. Taldearen alde egiten ari den apustua ikusten dut eta zenbat zaintzen ari den ere. Potentzial handia ikusten dut, eta asko dugu bizitzeko".