Dulwich Hamletekin batera komunitatea eraikitzen

Dulwich Hamletekin batera komunitatea eraikitzen

Athleticzale talde batek Londresen Non-League Day mugimendu soziala bertatik bertara ezagutzeko abagunea izan zuen, Klubak irailaren 9an eta 10ean Bizkaira ekartzeko asmoa duen ekimena

Atzo 102 urte bete ziren Londreseko Dulwich Hamlet FC talde mitikoak San Mames bisitatu zuenetik Athleticen aurka lagunarteko bi partida jokatzeko. Duela hiru egun, 2023ko martxoaren 25ean, ordezkaritza zuri-gorri batek bisita itzuli zion talde ingelesari Champion Hillen, hiriburu britainiarraren hegoaldean. 30 bufanda zuri-gorrik Dulwicheko 3.500 bufandekin bat egin zuten Oxford City futbol talde historikoaren aurrean etxeko taldea animatzeko. Ehun urtetik gorako bi klubak National League Southen ari dira gaur egun, Ingalaterrako seigarren mailan. Ehuneko ehunean Non-League Day futbola.

Baina, zer da Non-League Day ekimena? 2010az geroztik, Premier Leagueko lehiaketarik gabeko asteburua aprobetxatuz, profesionala ez den futbol britainiarrarekin buru-belarri ari den ekimena da. Jardunaldia klubek eta maila goreneko jokalariek sustatzen dute, eta euren jarraitzaileei gertuen dauden zelaietan izaten diren oinarrizko futboleko partidak ezagutarazten dizkiete. Athletic Club, harrobia eta oinarrizko futbola sustatzeko espiritua bere filosofiaren oinarria dela jakitun, lanean ari da Non-League Day jaialdiaren lehen edizioa 'LaLiga lurraldean' ezartzeko. Hala ere, esperientzia lehen pertsonan bizi nahi izan du Dulwich Hamlet FC-ren eskutik, bere aurkari historiko karismatikoenetako bat.

Jon Ruigomezek, Athletic Clubeko lehendakariordeak, ordezkaritza zuri-gorriari Champion Hillera egindako bisitan lagundu zion: "Erresuma Batuarekin harreman sendoa eta errotua dugu, gure kluba existitzen bada, hemen sortu zelako baita. Kirolaz harago, gure balioak guztiz bat datoz Non League Day mugimenduak sustatzen dituenekin. Mugimendu hori ere hemen sortu zen, eta gure izateko moduaren funtsezko zutabea sostengatzean oinarritzen da: oinarrizko futbola, harrobikoa. Hori dela eta, gaur hemen gaude, bertatik bertara bizitzen, gero gure lurraldera eraman ahal izateko. Irailean ekimena sustatzen duen LaLigako lehen taldea izango gara".

Topaketaren aurretik, Londresera joandako zale zuri-gorriei eskerrak emateko, Dulwichek erakusketa historiko txiki bat antolatu zuen 1921ean Bilbora egindako bisitaren oroitzapenekin. Aurkezpenaren ondoren, Jon Ruigomezek lehoi baten estatua txiki bat eman zion Ben Clasper Dulwicheko presidenteari. Bertan, honako hau irakur daiteke: "Bizkaiko harrotasunetik Londreseko hegoaldeko harrotasunera, Non-League Day UK futbol herrikoia ospatzeko".

Londresko klubeko presidenteak pertsonalki eskertu zuen Athleticen babesa data berezi honetan: "Hau gauza zoragarria izan da. Jendeari gehien gustatzen zaion klubeko gauzetako bat da berdin tratatzen ditugula bertako zaleak eta bisitariak. Athletic bezalako bisitariak izatea izugarria da guretzat. Bere jarraitzaileak oso ondo egokitzen dira hemen. Klubaren eta zaleen kudeaketa ikertu dugu eta berarekin lotura handia dagoela iruditzen zaigu".