Ezinezkoa, oso txukun ibili den Getaferen aurka

Ezinezkoa, oso txukun ibili den Getaferen aurka

Berdinketarekin bukatu den eta gol aukera gutxi izan dituen partida, sorpresa handi bat izan du amaieran: Sancetek 2032ra arte luzatu du Athleticekin bere konpromisoa

Athletic Clubek hutsean berdindu du San Mamesen Getafe CFren aurka, madrildarren aterainoko bideak aurkitzea zaila izan baita. Gol aukera handirik gabeko neurketa izan da, eta zaleentzat albisterik onena partida amaieran heldu da Oihan Sancetek, Klubaren itxaropen handienetako batek, mikrofonoa eskuan, 2032ra arte kontratua luzatzea iragarri duenean. Orain bai, astearteko Kopako finalerdian jarri behar da arreta guztia.

Lehoiek, zazpigarren postuan oraindik, ezin izan dute gorago egin sailkapenean, nahi izan duten bezala. Hasieran nagusitasun handia izan arren, korner pilo batekin, etxekoen aukerak oso gutxi izan dira. Lehenengoa, goletik gertuen egon dena, Yuri Berchicheren burukada pikatu batean etorri da, korner batean. David Soriak baloia gainetik kendu du ahal izan duen moduan.
Julen Agirrezabala atezainak ere izan du protagonismoa Getafek izandako aukera bakarrean. Munirrek jaurtitako korner batean izan da, Alderete Valenciako jokalari ohiak buruz jo ondoren. Geroago, Berenguerren urruneko jaurtiketa batek deseroso jarri du pixka bat madrildarren atezaina.

Bigarren zatian, ia gauza bera gertatu da: Athletic nagusi izan da, zuloak ireki nahian, eta Getafek, erdiko hiru atzelariak ondo jarrita, arrisku guztia urrundu du. Valverde taldea indartzen joan da aldaketekin, baina ia ez da aurkariaren atera hurbildu Yerayren atzerako artazi bat izan ezik.

San Mames ulerkorra izan da Getaferen aurkako lan zailarekin eta azken unera arte animatu die jokalari zuri-gorriei. Astearte honetan CA Osasunaren aurkako kanporaketa gainditzea da helburua, Kopako beste final batean sartzeko. Sanceten albiste handia pizgarri gehigarria izan delakoan gaude. Goazen, Athletic!