Thomas Hitzlsperger, apirileko enbaxadorea

Thomas Hitzlsperger, apirileko enbaxadorea

Athletic Clubek bat egiten du Alemaniako selekzioko futbolari ohiak futbol anitzago, justu eta toleranteago baten alde egindako borrokarekin

Thomas Hitzlsperger (Munich, 1982) apirileko enbaxadore berria izendatua izan da, eta Jon Rahm, Jokin Altuna eta Honey Tahljieh 125. urteurreneko Athletic Clubeko enbaxadoreen zerrendara batu da. Alemaniako selekzioko eta Aston Villa eta VfB Stuttgart taldeetako jokalari ohiak bere intsignia jasoko du San Mameseko palkoan, datorren larunbateko Athletic Club – Reala partidaren atarian.

Honey Thaljiehrekin gertatu zen bezala, Athletic Clubek Thomas Hitzlsperger garrantzi handiko pertsonatzat aitortzen du, ordezkatzen dituen balioengatik eta egoera askotan, deserosoetan, bere nortasuna defendatzeko izan duen ausardiagatik eta erabakitasunagatik.

2014ko urtarrilean, Everton FC-n azken denboraldia egin ondoren, Thomas Hitzlspergerrek modu publikoan iragarri zuen bere homosexualitatea, eta bide bat ireki zuen etorkizuneko belaunaldiek futbolarekiko duten pasioaz normaltasun osoz gozatzeko aukera izan zezaten, aurreiritzirik eta diskriminaziorik gabe. Bere futbolari ibilbide nabarmenari eta konpromiso sozialari esker, Thomas Hitzlsperger aniztasunaren aldeko eta homofobiaren aurkako munduko erreferente handienetako bat bihurtu da. Sari honetaz gain, beste hainbat izendapen jaso ditu; hala nola, Alemaniako Errepublika Federalaren Merituaren Ordena (2020), DJK Ethics Award-a (2015) edo Julius Hirsch Honorary Award-a (2011).

The Hammer (Mailua) ezizenez ezaguna ezker hankarekin zuen jaurtiketa bikainarengatik, Thomas Hitzlsperger Alemaniako selekzioarekin 52 aldiz jokatu zuen; hain zuzen ere, kapitainetako bat izatera ere iritsi zen. Bere palmaresean 2008ko Europako azpitxapelduna eta 2006ko Munduko Kopako eta 2005eko Konfederazio Kopako brontzezko dominak nabarmentzen dira. Era berean, 2006/07 denboraldian Bundesliga irabazi zuen VfB Stuttgarteko kapitaina izan zen. Stuttgarteko zaleek beti gogoratuko dute Hitzslpergerrek boleaz eginiko gola, titulua eskuratzeko erabakigarria izan zena. FC Bayern Municheko harrobitik, aipatutako taldeez gain (Aston Villa, VfB Stuttgart eta Everton FC), Chesterfield FC, Erromako Lazio, West Ham United eta VfL Wolfsburg taldeetan ere aritu zen.

Thomas Hitzlsperger eta Athletic Cluben arteko harremana 2017. urtean hasi zen. Futbolari ohiak Thinking Football Film Festival jaialdiaren amaiera ekitaldian emandako The Pass (Ben A. Williams, UK, 2016) filmaren zineforumean parte hartu zuen. Ernesto Valverde, Oscar de Marcos, Mikel Balenziaga, Garazi Murua eta Nekane izan ziren proiekzioan egun hartan eta Hitzlsperger ezagutu ahal izan zuten. Alemaniako jokalari ohia Bilbon geratuko da hilaren 17ra arte, astelehena, eta itzulerako goizean Lezama bisitatuko du. Bertan sexu aniztasunari eta kirolari buruzko solasaldia izango du teknikariekin.