Thomas Hitzlsperger: “Futbola pertsona guztiontzat da”

Thomas Hitzlsperger: “Futbola pertsona guztiontzat da”

125. urteurreneko apirileko enbaxadorea pozik agertu da Athletic Clubekin aniztasunaren eta inklusioaren aldeko balioak partekatu ahal izateagatik

Thomas Hitzlspergerrek joan den asteburuan jaso zituen Bilbon Athleticen 125. urteurreneko apirileko enbaxadore izendatzen duten intsigniak. Ekitaldi nagusia San Mameseko palkoan izan zen, derbiaren atarian, non Alemaniako selekzioko kapitain ohiarekin batera Jon Uriarte presidentea eta Jose Angel Iribar egon ziren. Klubeko hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Hitzlsperger pozik agertu zen Athleticekin aniztasunaren eta inklusioaren aldeko balioak partekatu ahal izateagatik: "Erretiratu nintzenetik eta gay nintzela argi eta garbi adierazi nuenetik, futbolaren munduan eta diskriminazioaren aurkako hezkuntzan aritu naiz. Azken batean, talde honek defendatzen dituen balioen alde lan egiten". 

Enbaxadore honen izendapenarekin, Athletic Clubek Thomas Hitzlspergerrek sexu-orientazioagatik baztertutako pertsonei eskainitiako laguntza eta babesa aitortu ditu."Nire ekarpena maila goreneko futbolari ohi bezala nire ahotsa erabiltzea da, nire ikusgarritasuna erabiltzea diskriminatua izaten ari den jende horri guztiari laguntzeko. Baztertuak sentitzen diren pertsonen integrazioa bultzatu nahi dut", aitortu du Hitzlspergerrek.

Galder Reguera, Fundazioko Proiektu arduraduna, eta Bibiane Schulze, lehen taldeko jokalaria, enbaxadorearekin izan ziren asteburuan, besteak beste, Bertso Derbiaz eta Realaren aurka San Mamesen jokatuko derbiaren aurreko giroaz zein partidaz gozatzeko. Astelehenean, etxera bueltatu aurretik, Aston Villa, VfB Stuttgart, SS Lazio, West Ham United, VfL Wolfsburg edo Everton FC bezalako klubetako jokalari ohia Lezamako harrobiko teknikariekin batera izan zen bere esperientziaz solasean.