"Une erabakigarria da"

"Une erabakigarria da"

Ernesto Valverdek, txapelketaren momentu garrantzitsuaz jabetuta, bihar Sevilla mendean hartzea espero du bolada onari eusteko

"Une erabakigarria da. Orain irabazten duzun partida bakoitzak asko suposatzen du eta biharkoa oso esanguratsua eta garrantzitsua da". Estutzeko garaia da eta Ernesto Valverde horren jakitun da. Athletic Clubek Sevilla FC hartu baino lehen agertu da Athleticen entrenatzailea komunikabideen aurrean. Biharko aurkaria maila bikainean dago: "Denboraldiko unerik onenean dago, zalantzarik gabe. Bere egoera irreala zen eta beheko posizioetatik irtetea lortu du. Oso jokalari onak ditu eta Mendilibarrek lasaitasuna eta oldarkortasuna eman die. Aurkari on baten aurka hiru puntu batu eta bolada onarekin jarraitu nahi dugu".

San Mames hasieratik garaipenaren bila joango diren bi talderen arteko norgehiagokaren lekuko izango da. 8 partida geratzen dira txapelketa amaitzeko, eta dena gerta daiteke: "Denboraldia hasten denean, beti iritsi nahi duzu horrela jardunaldi hauetara, gauza politengatik borrokatzearen presioarekin. Beharrezkoa da eta bultzatu egin behar gaitu. Partida honetan bi taldeek aukerak izango ditugu. Orain ondo gaude eta horrela bukaerara arte mantentzen saiatuko gara".